PROPOSAMENAK

Txakolina, erregina

Getarian, txakolina, hondartza eta San Anton mendia ez ezik, ondasun historikoak ikus daitezke, eta askotariko jarduerak egin

Mendiak eta Bizkaiko golkoak inguratzen dute herria. GETARIAKO TURISMO BULEGOA.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Arrantzale giroko herria da Getaria (Gipuzkoa). Orio, Aizarnazabal, Zarautz, Aia eta Zumaiarekin batera, Urola Kosta eskualdea osatzen du. 2.700 biztanle ditu, eta herri txikia da. Kupela taldeak abesten duen moduan, txakolina udalerriko erregina da, eta, bestalde, ezaguna da dituen bi hondartzengatik ere: Malkorbe eta Gaztetape.

Herrian aurki daitezkeen monumentu historiko eta ondasun gehienak pribatuak dira, eta, horrexegatik, kanpoaldean plaka informatibo bat dute. Hala ere, monumentu nagusiak San Salbatore eliza eta Cristobal Balentziagaren museoa dira. San Salbatore eliza Euskal Herriko arte gotikoaren adierazle nabarmena da. XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten. Eliza egunero irekitzen dute; igandeetan, ordea, meza ostean itxi egiten da.

Juan Sebastian Elkanoren monumentua da herriak duen beste altxorra. 1924an inauguratu zuten. Goiko aldean begiratoki txiki bat dago; hartan, Elkanorekin batera bizirik iritsi zirenen izenak eta nazionalitateak ikus daitezke.

Portua eta herriko kaleak ezagutzeko argibideak eskaintzeaz gain, Getariako turismo bulegoak zenbait ibilbide proposatzen ditu, herriaren ingurua ezagutu ahal izateko: San Anton talaiakoa, kostaldeko bidea, bide zirkularra, eta txakolinaren bidea, besteak beste.

Horien artean, San Anton talaiako ibilbidea herrian bertan dago; leku hori Getariako arratoi izenez ere ezagutzen da.XV. mendera arte, uhartea izan zen, baina, gerora, herrira lotu zuten, beso artifizial baten bidez. San Anton mendia balearen arrantzarako talaia izan zen, eta hiriburua babesteko gotorlekua zuen. Gaur egun, parke natural baten antzekoa da.

San Antongo ibilbidea 30 minutuan egiten da, eta, guztira, 1,7 kilometro ditu. Getariako portuan hasten da, eta itsasargiraino doa. Haren ondoan, jada desagertuta dagoen San Anton ermitaren zimenduak eta talaia baten dorre zilindrikoa ikus daitezke.

Txoko horretatik, Higer eta Matxitxako lurmuturren arteko euskal kosta ikusten da. Bidean aurrera jarraituz, San Anton mendiaren tontorrera iristen da. Antzina, beste talaia bat zegoen han. Gaur egungo eraikinaXX. mendekoa da; talaia horrek ikuspegi zoragarria eskaintzen du.

Bestela ere, naturaz eta historiaz gozatzeko aukera ugari daude Getarian: Elkano ihes gela, adibidez; eta ura gustuko izanez gero, urpekaritza ere egin daiteke; Malkorbeko hondartzan, arraun surfa egiteko materiala eta kayakak alokatzeko aukera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.