«Konbentzimendu osoz»

Realak Bartzelona garaitu nahi du Camp Noun. Silvak, minduta, ez du bidaiatu; Illarramendik eta Oiartzabalek bai, baina gaur ez dute jokatuko

Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Rolak aldatuta ekingo diote Realak eta Bartzelonak gaur iluntzean Camp Noun jokatuko duten partidari. Normalean, etxekoak egon dira gehiagotan sailkapenaren lehen postuan, eta koska batzuk beherago egin izan dute txuri-urdinek Kataluniarako bisita. Oraingoan, baina, Reala helduko da neurketara Espainiako ligako lidergoan, eta Bartzelona dabil makalago.

Ezohiko egoera horri halakoxe ordaina eman nahi diote Imanol Alguacilen jokalariek. 30 urte dira donostiarrek han irabazten ez dutela, eta prestatzaileak esan du «une ona» dela bolada txar hori eteteko: «Erronka handia da, baina ilusio izugarria dugu. Azken bi urteetan irabaztetik gertu izan gara. Konbentzimendu osoz goaz, aurkari oso zaila dela badakigun arren». Imanolek, hain zuzen, azken garaipena lortu zuten sasoi hartan jokatu zituen lehendabiziko partidak txuri-urdinekin.

Bartzelonan emaitza ona ateratzeko, partiden segidak eragindako nekea gainditu beharko dute Imanolenek. Prestatzaile oriotarrak atzo aitortu zuen «Napolin jokatu zutenek igandean [Eibarren aurka] igarri» egin zutela, eta litekeena dela armaginen kontrakoan neurketa osoa jokatu zutenei gaur gauza bera gertatzea. Dena den, argi utzi zuen horrek ez duela pisu nabarmenik izango: «Ezin da aitzakia izan».

Bi neurketatarako plana

Imanolek 25 jokalariko deialdia osatu du bidaiarako, baina guztiak ez dira Camp Noun aritzeko zerrendan izango. Izan ere, Bartzelonan jokatu ostean, Herrialde Katalanetan geratuko dira larunbatera arte, Levanteren zelaian ariko baitira egun horretan.

Hala, Asier Illarramendi eta Mikel Oiartzabalek taldekideekin igaroko dituzte datozen egunak, baina mutrikuarrak ez du partidako elastikorik jantziko. Oiartzabalek, berriz, Bartzelonaren kontra ez du jokatuko: «Ikusteko dago larunbaterako helduko den», esan zuen Imanolek. Levanteren zelaian ariko da Reala.

Gaur beste hutsune garrantzitsu bat ere izango du Realak. David Silvak arazoak ditu soleoan, eta etxean geratu da. Ez du zerikusirik azaroan izandako arazoarekin.

BARTZELONA-REALA
Bartzelona. Ter Stegen;Dest, Araujo, Lenglet, Alba;Pjanic , De Jong,Griezmann; Pedri, Coutinho, eta Messi.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Merino,Zubimendi, Robeto; Portu, Januzaj eta Willian Jose.
Epailea. Sanchez Martinez.
Lekua. Nou Camp futbol zelaia.
Ordua. 21:00 (Mov. Partidazo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.