Sanjoandolozak Bakion

Uda korrika amaitzen

Herri Milia, kontzertuak eta sukaldaritza lehiaketak izango dira, besteak beste, Bakioko jaietan. Jaiek zapatura arte iraungo dute

Haurrak 2017ko Herri Milian. FLOREN ZABALA.
Javi West Larrañaga.
2019ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
San Joan Doloz eguna da gaurkoa, eta izen hori hartzen dute Bakioko (Bizkaia) jaiek. Atzo iluntzean irakurri zuten Elortegi Anayak taldekoek herriko festei hasiera eman zien pregoia, eta horrekin batera jaurti zuten suziria ere. Bertako rock taldea da, eta kontzertu bat emango dute zapatuan, Eneperi Egunean, Gozategi taldearekin batera. Atzo, jaien bezpera izanda ere, bakiotarrek hainbat egitasmo izan zituzten, hala nola sukalki txapelketa, herri bazkaria, kalejira eta auto zoroen lehiaketa. Gero, eguna biribiltzeko, Gora Herria taldeak eman zuen kontzertua Zubiaurrealden.

Gaurko eguna ere handia da jaietan, eta kalejira batekin hasiko da, 11:00etan, Zubiaurrealdetik. Bihar, aldiz, kontrako bidea egingo dute. Gero, bakiotarrek kirola egiteko aukera izango dute, herriko milia lasterketarekin. Arratsaldean, mozorro jaia izango dute atseden hartu nahi dutenek, umeek zein helduek. Jaiek zapatura arte iraungo dute, baina domekan ere hainbat jarduera egongo dira: patinaje erakustaldia eta patinete eta surf probak.

Lasterketa, denentzat

Herri Milia jaietako klasiko bihurtu da jada, XI.en edizioa baita aurtengoa. Jagoba Manzanok, Bakio kirol taldeko lehendakariak, uste du jende aniztasun handia lortzen dutela egitasmoarekin: «Bakioko jaietan antolatzen den jarduerarik parte hartzaileena dela esango nuke». Taldeak udalarekin batera antolatzen du lasterketa, kirola sustatzeko asmoz ume, gazte eta helduengan. Manzanok nabarmendu du Herri Miliaren helburua kirol jarduerei bultzada ematea den arren jaia sustatzea ere «oso garrantzitsua» dela haientzat. «Irabazleak daude, noski, baina helburua ez da hori, baizik eta jendeak parte hartzea», gehitu du antolatzaileak.

Bostehun bat pertsona animatzen dira urtero, eta parte hartu nahi dutenetako asko kanpoan geratzen direla azaldu du Manzanok: «Gehienetan, amaitu egiten zaizkigu dortsalak; izan ere, gaur egungo araudiarekin arabera, ezin dira bostehun izen ematetik gora egon». Dioenez, egunean bertan ere jende asko saiatzen da izena ematen, baina ez da posible, aseguruen kontuak direla eta.

Antolatzaileak Bakioko paisaiaz baliatzen dira urtero, eta hondartza ondoan dagoen Sabino Arana Etorbidea erabiltzen dute lasterketarako. Hainbat kategoriatan banatzen dute lehia, eta Bakio kirol taldekoekuste dute horregatik joaten zaizkiela hainbat eta hainbat familia. 3 urtetik gorako umeek hartuko dute parte, eta distantzia laburra izango da haientzat; 205 metro. 13 urtetik gorakoek eta nagusiek, berriz, milia osoa egingo dute, 1.640 metro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.