Ferixa Nausikoak Elorrion

Aldarri musikatuak

Emakumeen mugimenduak irakurriko du aurten Elorrioko jaietako pregoia. 'Txantxiribi' kantaren bertsio feminista abestuko dute

Emakumeen mugimenduko hainbat lagunek irakurriko dute pregoia. M.R. / FOKU.
amaia igartua aristondo
2019ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
«Nola demontre bizitzen ginen feminismorik gabe?». Elorrioko (Bizkaia) emakumeen mugimenduak Txantxibiri kanta tradizionala berridatzi du, eta letra feminista jarri dio Ferixa Nausiko festen pregoia girotzeko. Izan ere, mugimenduko ordezkariek pregoia irakurtzean hasiko dira festak, pregoilari hautatu baitituzte. Bi aldetatik entzun ahal izango dira aldarriak gaur, 20:00etan, herriko plazan: batetik, udaletxeko balkoitik, eta, bestetik, haren azpitik, emakumeen mugimenduak Txantxibiri feminista ikastera eta kantatzera gonbidatu baititu herritarrak.

Mugimendua osatzen duten talde guztien izenean emango dute pregoia, eta, hartara, «talde plural bat» osatuko dute gaur balkoian, Haizea Lazkano talde feministako kideak nabarmendu duenez. Hura izango da hara igoko denetako bat, eta, besteak beste, alargunen taldeko ordezkari batekin egongo da balkoian. «Hainbat jatorri, adin eta sexu orientaziotako emakumeak batzea da asmoa». Jai batzordearen proposamena batzar batean eztabaidatu ondoren, pregoia egitea erabaki zuten, «mugimenduari ikusgarritasuna» emateko egokia izan zitekeelakoan, Lazkanoren ustez.

Geroko lana

«Betikoa» azpimarratuko dute, ezohiko erakusleihotik, halere: «Emakume izate hutsagatik jasaten ditugun bazterkeria, indarkeria eta eraso horiek guztiak gaitzetsi gura ditugu». Aurtengo udan ere ez da eten indarkeria matxistaren jarioa, eta Lazkanok eta gainerakoek badituzte arbuiatzeko gertuko kasuak: «Besteak beste, Etxebarriko bortxaketa, Barakaldokoa eta Donostiako jaietan txosnetan egon den eraso piloa». Ondorioz, «beldurtuta eta mehatxatuta sentitu gabe bizitzeko eskubidea» aldarrikatuko dute, eta argi utziko dute ez dutela egoera hori «onartzen»: «Nahikoa dela, alegia».

Pregoiaz aparte, emakumeen mugimendua erne egongo da jai egun guztietan, erasoen aurkako protokoloa aktibatzeko,beharrezkoa bada. Izan ere, Ferixa Nausikoak bukatu arren, lana izaten jarraituko dute, Lazkanoren esanetan; egitekoak «pilatu» egiten zaizkiela esan du Lazkanok. Izan ere, aurten, urteroko ekintzez gain —Martxoaren 8ko greba eta Azaroaren 25eko mobilizazioak—, Durangoko (Bizkaia) jardunaldi feministak dituzte jomugan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.