PROPOSAMENAK

Hegaztien behatokia

Txingudiko padurak hegazti migratzaileen babesleku dira. Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo lurretan dago natur balio handiko ingurune hori

Bi kilometro inguruko ibilbidea egin daiteke Plaiaundin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hendaiako (Lapurdi), Irungo eta Hondarribiko (Gipuzkoa) lurrak bustitzen ditu Txingudiko badiak, eta bertan dago Plaiaundi parkea. Bidasoa ibaiaren eta Jaitzubia errekaren arteko eremuan topatuko dute bisitariek hezegune hori, Euskal Herriko padura ingurunerik garrantzitsuenetakoa.

Txikia izan arren, hegazti migratzaileen babesgune eta natur balio handiko ingurunea da Txingudi, eta, horrexegatik, nazioartean aitortza ugari jaso izan ditu: hegaztientzako babes berezirako eremua (HBBE) da, eta nazioarteko hezegune garrantzitsuen Ramsar zerrendaren barruan dago. Inguruko ezaugarri geografikoei esker, hegaztien migraziorako geraleku ezinbestekoak da Txingudiko padura. Izan ere, bertatik pasatzen dira bai Pirinioak saihesten dituzten hegazti kontinentalak, bai kostaldetik bidaiatzen duten uretako hegaztiak.

Hain zuzen ere, hegaztien ugaritasuna eta dibertsitatea dira parkearen bereizgarrietako bat. Bisitariak uretako hegaztiak topatuko ditu nagusiki, hala nola koartzak eta mokozabalak, baina lehorreko hegazti ugari ere igarotzen dira udaberrian eta udazkenean toki epelerako bidean, atseden bila. Ekaitza dagoenetan, gainera, areagotu egiten da parkeko dibertsitatea, bertara joaten baitira babes hartzera uretako beste hainbat espezie.

Ekoetxea eta museoa

Irunen du parkeak sarrera, eta bertan topatuko dute bisitariek Txingudi ekoetxea. Parkeak hainbat gune ditu hegaztiak behatzeko, baina ekoetxean dagoena da nagusia; ur gezako urmaelera ematen du behatoki horrek. Inguruko naturaz gozatu nahi duenak ere badu horretarako aukera. Ekoetxetik abiatuta,bi kilometro inguruko ibilbide bat hasten da. Ibilbidea bere kabuz egin nahi duten bisitariek hamazazpi azalpen panel aurkituko dituzte, inguruneko fauna eta floraren xehetasunekin.

Ekoetxea behatokia izateaz gain, museoa ere bada, eta erakusketa iraunkor bat dago bertan ikusgai. Erakusketaren bitartez, Plaiaundiko paisaia eta ekosistemak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek. Panelei, maketei eta ikus-entzunezkoei esker, adin guztietako jendearentzako moduko bisita da.

Bisita gidatuak ere eskaini ohi ditu ekoetxeak taldeentzat, eta uda honetan ere izango da horretarako aukera. Halaber, taldeak mugatuakdirenez, komenigarria da aldez aurretik ekoetxeko arduradunekin harremanetan jartzea. Interesa duenak ekoetxea.eus web orrian topatuko du horretarako informazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.