PROPOSAMENAK

Bakarlekuen aztarnak

Ermitauen bizileku eta tenplu izan ziren Gaubeako kobak, Erdi Aroan. Haitzuloak eskuz zulatzen zituzten, eta gaur egunera arte iraun dute

RAUL BOGAJO / @FOKU.
jone arruabarrena
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gaubeako harana, Arabako mendebaldean dago. Gaur egun, nagusiki nekazaritzatik bizi diren herri txikiek osatzen dute; baina duela mende batzuk, botere zentro garrantzitsu bat izan zen. Izan ere, han ezarri ziren Erdi Aroan Bisigodoak. Tribu askotarikoak igaro ziren Gaubeatik, eta bakoitzak bere aztarnak utzi zituen; askok, gaur egunera arte iraun dute: baselizak, elizak, dorreak eta izaera militarreko eraikuntza sendoak. Tobillas eta Valpuesta ziren, nagusiki, kristau hierarkia erlijiosoaren indarguneak. Horien aurrez aurre, ideia aszetiko sakonak zeuzkaten sinestunak agertu ziren, eta, kristautasunetik ihes egiteko, ermitau gisa gizartetik aldentzeko erabakia hartu zuten. Horrela, ermitau horiek, eskuz zulatu zuten harkaitza, eta bizileku gisako kobazuloak sortu zituzten, gaur egunera arte iraun dutenak. Bizitoki izateaz gain, tenplu gisa edo erromesei zein ibiltariei aterpe emateko ere erabiltzen zituzten kobazulo horiek, eta baita ehorzleku gisa ere. VII. mendean ehortzitako ermitauen aztarnak aurkitu dituzte leize-zulo horietan, eta ikerketa arkeologikoei eta ermitauei buruzko bibliografiari esker esan daiteke VI. eta VII. mendeetarako izan bazirela labar egituradun haitzulo artifizialak.

Gaubeako udalerrian, hemezortzi lekutan daude haitzulo horien aztarnak, Barrio, Tobillas, Valpuesta, Pinedo, Korro, Quejo eta Uribarri Gaubean. Horietako bakoitzera autoz joan daiteke, baina bestela, oinezko ibilbide bat ere badago. GR1 du izena ibilbideak, eta Tobillasen, Korron, Pinedon eta Valparaisoko San Martinen dauden kobazuloetatik igarotzen da. Hor, kobazuloez gain, haitzean zulatutako nekropoli bat ikus daiteke, eta ibilbide osoan zehar kareharrizko azaleramenduak eta horma bertikalak ere badaude, eskalatzeko aproposak.

Bidea egiteko orduan tokiko bertako historiaren berri jakin nahi izanez gero, Gaubeako turismo bulegoak bi orduko bisita gidatuak antolatzen ditu. Horietan, Korroko ermitategia Tobillasko eliza eta Santa Olaia nekropolia ere ikusteko aukera dago.

Erdi Aroko aztarna gehiago

Hala ere, haitzuloak ez dira haran horretan Erdi Aroak utzi zituen aztarna bakarrak. Garai horretako hainbat eraikin edo haien arrastoak ikusteko aukera ere badago. Besteak beste, Valparaisoko San Martinen Erdi Aroko monasterio baten ustezko aztarnak edo baita San Erroman eliza ere. Eliza horretan, erromaniko garai aurreko eraikuntza baten arrastorik zaharrenak aurkitu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.