PROPOSAMENAK

Ihes egitea zilegi baita

Iruñerria bisitatzen duenak Ezkaba mendia igo dezake, memoriaren bideetan murgiltzeko edota Nafarroako hiriburuari zerutik so egiteko

Ezkabako gainean dago Alfontso XII.aren gotorlekua. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gauaren babesean eta kartzelako zaindariak afaltzen ari zirela, ihesari ekin zioten Ezkabako kartzela frankistan giltzapeturik zeuzkaten 795 presok, Nafarroan. 1938ko maiatzaren 22a zen. Mendietako xendak oinutsik igaro zituzten, jatekorik gabe, babesik gabe. Berehala, iheslarien ehiza hasi zuten frankistek: 207 lagun hil zituzten mendian, eta gehienak berriz ere atxilotu. Abuztuan,horietako hamalau fusilatu zituzten. Soilik hiru lagunek lortu zuten askatasunaren helmugara iristea: Urepelera (Nafarroa Beherea).

Ezkaba ihesa da: bere magalean diren herri eta hirietatik ihes egitea duela 82 urte presoek egindako ekintza gogoangarria da; edo, pandemia garaian, birusetatik eta jende pilaketetatik aldentzeko ihesbidea. Orain, GR 225 ibilbideari esker, aukera dago Jovino Fernandezek 1938an ihesi egindako bideari jarraituz memoria ariketa egiteko. Lau etapako bidea da, Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepeleraino. Saigotseko Erdi Aroko zubian (Nafarroa) lanetan ari dira orain; beraz, komeni da hirugarren etapako bidean aldaketak begiratzea.

Memoria eta panoramika

Bestela ere, Ezkaba mendia igotzea izan liteke udan egiteko plan polita, Iruñerria bisitatzera joaten direnek egin beharrekoa. Artika herritik igotzea izaten da ohikoena, nahiz eta beste bide batzuk ere badauden tontorrera ailegatzeko. Han goian, Alfontso XII.aren gotorlekua dago, XIX. mendean eraikia. 1934tik aurrera kartzela bihurtu zuten, eta 1936tik aurrera frankismoak presoak egoera latzetan gatibu izateko erabili zuen.

Ezkabako gotorlekua Espainiako armadarena da, eta utzita dago. Hala ere, 2001etik kultura intereseko ondarea da. Normalean, itxita egoten da, nahiz eta tarteka bisita gidatuak egin izan dituzten. Dena den, Espainiako armadari baimena eskatuta, taldeei sartzen utzi ohi diete. Bestela, kanpotik ikustea beste aukerarik ez da izaten.

Ezkaban bertan dago botilen hilerria ere; Ezkabako gotorlekuan hildako presoen gorpuzkiak botila banarekin aurkitu zituzten bertan. Botilen barnean,gorpuzkiak identifikatzeko informazioa zegoen. Oraingoz ez dago seinaleztaturik, baina berehala plaka bat paratuko dute han.

Memoria kontuez gain, Ezkabatik primeran so egin dakioke Iruñeari, hegaztien pare. Bizikletan edo autoz ere igo liteke gotorlekuraino. Modu horretan, Iruñerria bisitatzen duenak ikuspegi panoramiko eder batez gozatzeko parada du. Badira gauean igo nahiago dutenak ere, autoz, erabat argiztaturiko hiriari so egiteko, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.