PROPOSAMENAK

Itsasertzeko gaztelua

Hendaiako Abadia gaztelua XIX. mendean eraiki zuten Erdi Aroko ereduetan inspiratuta. Xarmaz eta historiaz beteriko gaztelu bat da

Abadia gaztelua zelai zabalez inguraturik dago. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Anton Abadia (Dublin, 1810-Paris, 1897) XIX. mendeko etnologo, geografo eta zientzialari garrantzitsu bat zen. Euskal Herriko kartografia modernoa gauzatu zuen, eta euskararen eta euskal kulturaren alorrean ere egin zuen lan. 1864. urtean, Eugene Viollet le Duc arkitektoari eskatu zion Hendaian (Lapurdi) gaztelu bat eraikitzeko, eta horrela sortu zen gaur egun Abadia gaztelua izena duen eraikina. 1984an, monumentu historiko izendatu zuten.

Apainketa exotiko eta dotorea du gazteluak: beste mende batera bidaiatzeko aukera ematen dio bisitariari. Gazteluaren bihotzean, liburutegi bat dago. Nagusiki, zientzia, literatura eta astronomia liburuak daude. Horien artean, euskarazko 960 liburu, eta 234 eskuizkribu topa daitezke. Hara joaten den bisitariak ohorezko egongela eta logela eta kapera ikus ditzake. Behatoki bat ere badu gazteluak, Anton Abadia oso astronomiazalea baitzen. Euskal Herriko behatoki bakarra zen XIX. mendean.

Joan den uztailaren 1ean ireki zituzten gazteluaren ateak, neurri bereziekin. Erreserba egitea nahitaezkoa da, www.chateau-abbadia.fr webgunean. Horretaz gain, derrigorrezkoa da bisita osoan maskara erabiltzea, eta 14 laguneko taldeak izango dira gehienez. Abuztuan, egunero dago irekita, eta bisitak 09:45etik 12:15era izango dira, hamabost minututik behin; hori bai, frantsesez. Arratsaldeetan, bisitak libreak izango dira, eta euskarazko liburuxkak egongo dira eskuragarri gazteluaren informazioarekin. 14:00etatik 18:30era egongo da zabalik.

Bisita gidatuek eta gidaririk gabeko bisitek prezio ezberdina dute. Bisita gidatuetan, helduek 9,90 euro ordaindu beharko dute, eta 6-13 urte bitarteko haurrek 4,90. Gidaririk gabeko bisiten kasuan, helduek 8,40 euro eta 6-13 urte bitarteko haurrek 4,40 euro ordaindu beharko dituzte.

Agenda

Abadia gazteluan, bisitaz gain, beste hainbat ekintza egiteko aukera ere badago. 6-12 urte bitarteko haurrentzako zientzia tailerra, esaterako. Gaur izango da, goizeko hamarretan. Irailaren 12an, berriz, Arteak Abadian egitasmoaren barruan, Aire Ahizpak taldearen kontzertua izango da. Sarrera bederatzi eurokoa izango da helduentzat, eta 4,90 eurokoa 6 eta 12 urte bitarteako gaztetxoentzat. Kontzertua 19:00etan hasiko da. Irailaren 19an eta 20an, Ondarearen egunak egitasmoa egingo dute Hendaiako gazteluan. Bisita gidatuak egingo dira, frantsesez, eta prezioa 4,90 eurokoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.