Hamasei buru, bi txapel

Binakako pentatloi finala jokatuko da Tolosako zezen plazan. Sei bikote ariko dira lehian gizonezkoetan, eta bi emakumezkoetan

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a harria jasotzen iazko finalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Garaipena xede, hamasei lagun bilduko dira Tolosako zezen plazan gaur arratsaldean (17:00, ETB 1). Han jokatuko dira Binakako Pentatloiko finalak, bigarren urtez jarraian. Bi txapel daude jokoan; gizonezkoetan bata, eta emakumezkoetan bestea.

Sailkatze faseko sei bikote onenak ariko dira gizonezkoen lehian, eta iaztik bakarrak errepikatu du: Iñaki Errazkinek eta Aratz Mugertzak osatutakoak. Joan zen urtean erretiratu egin ziren, giza proban ezinak jota. Iazko txapeldunetako bat ere ariko da aurten. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak osaba izango du lagun oraingoan, Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.

Aurreko aldian Xabier Orbegozo Arria V.arekin aritu zen. Baina Orbegozok duela aste batzukutzi zituen plazak. Aurtengo lehian osabarekin aritzea du pizgarri Izeta VI.ak: «Niretzat hori da berezitasuna. Osaba erretiratuko ote den esaten ari da. Gero ez dakit hala egingo duen, baina nirekin erretiratzeak ilusio berezia egiten dit».

Azken txandan ariko dira bi bikote horiek, Ioritz Gisasola Zelai IV eta Jon Gisasola Zelai V.arekin batera. Sailkatze proban denborarik onenak egin zituzten hiru bikoteak dira, eta, haien artean, Mallabiko lehengusuak izan ziren bizkorrenak: «Ilusioa dugu. Lehenengo geratzea amets bat izan zen, eta orain presiorik ez dugu. Badakigu gure lana txukun egingo dugula, eta irabazten ez badugu, ez da ezer gertatuko. Horrek esan nahi du asko dugula irabazteko, eta galtzekorik ez».

Aldiz, lehen txandan ariko dira Kepa Peñagarikano-Gorka Etxeberria, Miksel Larrañaga-Jon Unanue Goenatxo III.a eta Beñat Amade-Aritz Irazabal izango dira gainontzeko bikoteak. Azken horiek ez ziren sailkatu, baina plazan izango dira: Luis Txapartegik min hartu du, eta hura eta Jagoba Otaegi ez dira ariko.

Etxeberria oriotarraren esanetan, «lan txukuna» egiteko asmoz plazaratuko dira Tolosan: «Guztiok izango dugu txapela lortzeko helburua, baina errealistak izanda, zaila izango da. Gure lana ondo egin, eta txanda irabazten saiatu behar dugu».

Herri kirolariek lan mardulak egin beharko dituzte: 100 kiloko bola 40 aldiz jaso, giza proban lau plaza osatu, aizkoran lau kanaerdiko ebaki, txingekin zortzi plaza osatu, eta lau kilometroz korrika aritu. Lan horiek denbora gutxienean egiten dituen bikotea izango da txapeldun. Iaz, 40:58ko marka ezarrita irabazi zuten Arria V.a eta Izeta VI .a garaileek, atzetik aurrerakoa egin eta gero.

Andrazkoak, estreinakoz

Izetatarrena ez da izango parte hartuko duen familia giroko bikote bakarra. Zelai lehengusuak ere elkarrekin ariko dira gizonezkoen lehian, baina harago doa Mallabiko sagaren parte hartzea. Karmele Gisasola Zelai III.ak, Jonen arrebak, emakumezkoen lehen pentatloian hartuko du parte. Jose Antonio Gisasola Zelaiharri jasotzaile historikoaren seme-alabak dira.

Zelai III.ak Uxue Ansorregi izango du kide, eta Garazi Arruti eta Lucia Orbe izango dituzte kontrario.Julia Martinez eta Claudia Muñoz espainiarrak ere aritzekoak ziren, baina azkenerako uko egin diote, Martinezen lesio bat tarteko.

Estreinaldiaren atarian, Gisasolak aitortu du «urduri» dagoela, baina argi du finalerako xedea: «Txapelaren bila joango gara, baina gehienbat lan txukuna egitea da gure helburu nagusia. Etxean egindakoa plazaratzea».

Harri jasotzen 20 jasoaldi egin beharko dituzte; giza proban, bi plaza osatu; aizkoran, 45 ontzako bi enbor ebaki. Txingekin lau plaza osatuta eta korrika bi kilometroz arituta amaituko dituzte lanak. Lehen txapelak jantziko ditu bikote irabazleak gaur, horrenbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.