PROPOSAMENAK

Itsasotik mendira

Elantxobeko portutik Ogoñoko talaiara doan osteratxoak itsasoaz eta mendiaz gozatzeko aukera ematen du, Busturialdeko kostaldean

Elantxobeko portutik has daiteke Ogoñora joateko ibilbidea. JUNE PRIETO / FOKU.
Nerea Lauzirika.
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Itsasoaren eta mendiaren artean dago Elantxobe (Bizkaia). Herria aldapa batean dagoela esan daiteke, etxe guztiak itsasora begira daudela. Biztanle gutxi ditu, 350 inguru, baina, kostaldeko beste herri askotan bezala, udan biztanleria hirukoiztu egiten da. Herri txikia bada ere, badago zer egin eta zer ikusi: portutik Ogoñoko talaiara doan ibilbidea, adibidez.

Elantxobeko portuan hasten da bi kilometro inguruko ibilaldia. Autoz doanak badu aukera autoa portutik gertu uzteko. Garraio publikoa erabiliz heltzea ere badago. Autobusak herriaren goiko aldean du geralekua, ibilbidearen hasieratik apur bat urruti, baina badago aukera ibilbidea egokitu eta bertatik hasteko, Matxikaletik Alarre auzorako bidea hartuz. Gainera, autobusez joanez gero, horren ezaguna egin den plataforma birakaria ikusi ahal izango du ibiltariak. Edonola ere, gomendagarriagoa da ibilbidea portuan bertan hastea.

Portua da herriko aisialdi eremu nagusia, eta bertan daude tabernak. Gurutzeko moilara gerturatuz gero, badago aukera Elantxobeko hirigunea ikusteko. Arrantzaleen kofradiatik aurrera eginez, kale nagusitik gora jarraitzen du ibilbideak. Inguru horretan dauden etxeak herriko arkitekturaren bereizgarri dira, denak portura begira baitaude, erliebe malkartsuak hala behartuta. Badaude hainbat eraikin neoklasiko ere, Dorretxe Nagusia eta Udalaren egoitza den palazioa, kasurako.

Goiko plazara helduta, portuaren ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera dago. Gorantz egin behar da ibilbideari jarraitzeko, Alarre auzoan dagoen hilerrira heldu arte. Bidegurutzean berriz ere gorantz doan bidea hartu behar du ibiltariak.

Pinu eta eukalipto artean dago ibilbidearen ondorengo zatia. Artadi kantauriarra zeharkatu behar da gero. Urdaibaiko bereizgarri den baso mota da artadi kantauriarra. Handik 200 bat metrora dago Ogoño mendiko talaia. Behin hara helduta, komeni da tarte bat hartzea ikuspegiaz gozatzeko: Urdaibai Biosferaren Erreserbaren itsasertza, Matxitxako lurmuturra eta Laga hondartza ikusten dira bertatik.

Bueltako bidean ez dago galtzerik, joateko bera baita. Horra helduta norbaiti ibilbidea laburra iruditu bazaio, posible da apur bat luzatzea. Ogoñotik beherako bidean Atxurkuluko saihesbidetik jarraituz gero, badago aukera izen bereko haitzera heltzeko. Bide hori hartzen duenak bi karobizulo eta ur putzu txiki bat ikusi ahal izango ditu. Hortik aurrera, egindako bidea deseginez, berriz ere Elantxobeko portura helduko da ibiltaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.