PROPOSAMENAK

Gameretik Zihigarat

Gamere-Zihiga urak zizelkatu du: leizez betea da; Otsibarrekoa aise ikusgai da. Ingurutik landa, Laminen Ziloko ur beroetan murgil daiteke

Gamere-Zihigako Lamina Ziloan ur bero eta gazia jalgitzen da. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Kanbo, Ganboa eta Gamere iturri beretik isurtzen bide dira, etimologiak salatzen baitu iturburu tokiak direla.

Gamere-Zihigako ur termalak (Zuberoa) orain hain ezagunak ez badira ere, XX. mendearen hatsarrean Agerre bainuetxerat biltzen zen jendea ur onetako artamenduez gozatzerat: aste zenbaitez egoten zen bertako hotel jatetxean.

Lamina Zilotik 35-40 gradutan ilkitzen da ur zinez gazia. Haren konposizioa izugarri berezia eta bilatua omen da. Haatik, putzua sari gisa har daiteke.

Autoa arrabotu kantuko parkingean utzirik, oinez abiatuko ibiltaria. Petik gora, Sobe auzorat buruz bizpahiru kilometro kurrituko ditu. Patar baten urrentzean dagoen antzinako harrizko gurutzetik ezkerreko harrizko bideahar. Lehen xeilatik sar. Hori bai, Benoit Tauzin laborari gamerearraren gomendioei jarraituz: «Zabal, eta sustut, otoi, hets! Eta, zakurrik gabe, otoi. Kabalendako zinez inportantea duzu». 50 metros segi eta eskuinean petik gora doan xendra har: «Ibilbidea seinalaturik duzu».

Otsibarremehekako lepora darama bideak, baina aitzin, xendratik 50 metro ezkerrean alde gainean, Otsibarreko leizea bisitatzeko paradaz ongi balia daiteke: «Aise da so egiteko, ez da materialik behar, sinple duzu», ohartarazi du Tauzinek.

Gamere-Zihiga ezaugarritzen dute Etxeberriko leizeek ere, zeinetan ediren baitzuten Izotz Aro Berantiarraren garaiko labar-arte multzo garrantzitsua, 1950eko hamarkadan. «Etxeberriko leizeak ederrago dira, baina jabeek ez dute ibilzalerik nahi, lehenago arrangurak izan baitira», azpimarratu du Tauzinek. Bertan atzemandako pintura irudiak andeatuak izan baitira urteetan, arkeologoen lana zaputuz.

Otsibarremehekako lepora heldu eta, arra-jin daiteke joan bidetik, edo, petik gora bide mundrunatutik jarraikiz, harrizko gurutze zaharreraino. Gamerearrak estimatzen du lekua: «Herriko gune ederrenatariko bat da; toki batean Pirinio osoa ageri baita». Gurutzetik 80 metrotara, beheiti, ezkerrean den harrizko bidea hartuz gero Zihigaraino hel daiteke, eta bertako arrabotea eta Erdi Aroko eliza erromanikoa bisitatu: «Bazizun agoteendako borta». Zihigatik jalgi eta bide mundrunatuan barrena helduko da ibiltaria autoraino.

«Errekuperatzeko», Lamin Ziloan sar daiteke gorputza, beroan lehenik, eta «kuraia habororekin», hotzean gero, autotik bost minutura oinez.

Agerrean trago bat hartzen ahal da, herri urtsuan gorputza barnetik ere bustitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.