PROPOSAMENAK

Hiru herri, ibilaldi bat

Idauze-Mendi, Urdiñarbe eta Altzürüküko herrietatik zeharka, Kaskaborro ibilaldia egin daiteke eta Arbailako paisaia deskubritu

Arbailako oihana ibilaldian zehar ikusten da. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Leire Casamajou Elkegarai.
Atharratze
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Idauze-Mendi, Urdiñarbe eta Altzürükü (Zuberoa) lotzen dituen ibilbidea egin daiteke oinez. Idauze-Menditik abiatu behar da. Zaldiketa zentrotik pasatzen den bidexka hartu, eta 250 metro berantago, eskuinerantz, elizara doan karrika txikitik iragan behar da.

Zuberoako elizetako ezkila dorre askok forma kalbarioa dute —zubereraz zeinutegi erraten zaio ezkila dorreari—. Zuberoako ezkila dorreei ezagutzen zaien berezitasunak XVII. mendean du bere jatorria. Lehen, ezkila dorrearen hiru puntetako gurutzeek trinitatearekin zerikusia zutela pentsatzen zen; alta, gurutziltzatzearekin dute lotura. Gaur egun, ezkila dorre kalbarioa deitzen zaio.

Ibilbidea hasteko, beraz, D147a zeharkatu behar da, 50 metroz jautsi, eta Aphurhura izeneko errekarantz doan ezkerreko bidea aukeratu. Zubi gainetik pasatu ondoren, bideari segitu, eta ezkerrerantz igotzen den bidea hartu behar da. Berehala oihan baten barnera sartuko da ibiltaria.

Mendian gora, haritzak

Eskuinaldean, xendra nagusitik goiti joaten jarraiki behar da. Haritzen itzal petik, pentoka bateraino iritsi behar da. Gurutzagunean, ezker hartu behar da. Bidea pixka bat behera doa, eta soroen bazterretik joaten da.

Gero, mundrunatutako bide bat agertzen da, Altzürükü eta Urdiñarbeko herriak biltzen ditu: ezker hartu behar da Altzürükürantz, eta bideari segitu 500 metroz. Patar baten behealdean, bihurgunea aitzin, eta ezkerraldera abiatuz harriztatutako bidetik, haritzez eta iratzez titakatua den eremu zabal batera iristen da. Eskuinean, Arbailako mendigunea ikusten ahal da, eta saien labar bat ere bai.

Historikoki, Zuberoa hiru eremu desberdinetan zatitzen zen: Pettara, Basabürüa eta Arbaila. Azken horrek hainbat herri biltzen ditu: Idauze-Mendi, Arrokiga, Urdiñarbe, Ozaze eta Altzürükü, besteak beste.

Beste 500 metro egin ondoren, harizti batetik hurbil, ezkerreko bidea hartu behar da, eta, 300 metro aurrerago, beherantz eskuinera doan pistatik iragan. Bidea laster errekaren ondora doa; zuzen jarraitzen ahal da. Zubia aitzin, 50 bat metrora gelditu beharko da bidegurutzean, eta ezkerretara igo.

Malda ezti baten ondoren, beste bidegurutze batera iristen da. Kaskaborro ibilbidea bukatzeko, eskuin hartu behar da mundrunatutako bidexkatik; hasierako bidearekin bat egiten duen azken bidegurutzeraino. Ber bidetik jarraikiz, aparkalekura itzultzen da. Mendiko eliza ikusten ahal da, bere ezkila dorre kalbarioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.