Lau egun sei sokaren artean

Guitaralde jaialdia zazpigarrenez egingo da aurten, Hendaian. Igandea izango da egun handia:Jean Marie Ekai eta Carlos Benavent, Eñaut Elorrieta eta Sanseverino izango dira. Denetariko gitarra doinuak izango dira gaurtik igandera bitartean
18 urte izan arren, talentu handiko jazz gitarrajolea da Tom Ibarra.
18 urte izan arren, talentu handiko jazz gitarrajolea da Tom Ibarra. GUITARALDE

Andoni Imaz -

2018ko uztailak 5
Musika tresna eklektikoa da gitarra; nahi adina estilotako musika egin daiteke harekin. Ematen dituen aukera guztiak esploratzeko abagunea da Guitaralde jaialdia; Hendaian egingo da (Lapurdi), gaur hasi eta igandean buka. Gitarra izango da protagonista nagusia, eta talentu handiko hainbat musikari bildu dituzte kartelean.

Jaialdiaren sortzailea eta zuzendari artistikoa da Jean Marie Ekai gitarra jotzailea. Itoiz taldearekin aritu zen urte batzuez; musikari esker batetik bestera ibiltzeko zortea izan duela dio, baina erroak Euskal Herrian sentitu ditu beti. Horrela, ibilbide luzean egindako hango eta hemengo lagun musikariei eta harreman sareari esker sortu zuen jaialdia.

Gaur, bihar eta igandean, ordainpeko kontzertu bana egingo da, baina beste emanaldi guztiak doakoak dira. Ekaik dio garrantzitsua dela doako eskaintza mantentzea, baina talde handien emanaldiak gehiago zaintzeko balio du sarrera jartzeak. Sarrerak aurrez erreserbatu daitezke jaialdiaren webgunean.

Antoine Boyer & Samuelito gitarra bikote gazteak irekiko du jaialdia ostegun iluntzean, Abadia jauregian, flamenkoa gypsy jazz doinuekin nahastuz. Lehenak 23 urte ditu, eta besteak, 25; bakoitzak hamaika sari eskuratu ditu dagoeneko: besteak beste, Gitarra Klasikoko lehen saria Montignyn, 2015ean; Gitarra Klasikoko Errebelazioa, 2016an; eta Gitarra Flamenkoko eta Gitarra Klasikoko lehen saria Albin, 2013an.

Biharko ekitaldi nagusia Carles Ponsen kontzertua izango da, Bixintxo elizan. Ibilbide oparoa du Lleidan (Herrialde Katalanak) jaiotako musikariak; bakarlari aritu da zenbait orkestratan, Frank Rodriguez-Freites, Jordi Colomer eta Juan Jose Oconen gisako zuzendarien agindupean, eta Hondarribia-Peñiscola Nazioarteko Gitarra Jaialdiko zuzendari artistikoa ere bada.

Doakoak izango dira larunbateko kontzertu guztiak, eta Kamil Rustam eta Tom Ibarra gitarra jotzaile birtuosoak ariko dira, bakoitza bere boskotearekin. Rustam Amsterdamen jaio zen; Frantzian hasi zuen bere bidea, eta Los Angelesen finkatu zen azkenean. Stevie Wonder, Anastacia, Bruce Willis eta Snoop Dogekin egin du lan, besteak beste. Ibarrak 18 urte eskasekin erakutsi du zer talentu duen jazzean gitarra jotzen, eta Sparkling izeneko diskoa kaleratu du aurten, bere ibilbideko bigarrena. 6 urterekin hasi zen gitarra belarriz jotzen, eta 11 urterekin ondu zituen lehen konposizioak.

Guitaralde jaialdiaren egitarau guztitik, Jean Mari Ekaik igandeko eguna nabarmendu du; hiru emanaldi izango dira Ondaraitz estadioan. Ekaik berak irekiko du saioa, Carles Benavent baxu jotzailearekin eta Nicolas Viccaro bateria jotzailearekin batera. Benavent jazzean eta flamenkoan gailendu da, eta ezaguna da Paco de Lucia eta Camaron de la Islarekin baxu jotzaile aritu zelako urte askoan.

Eñaut Elorrieta duo akustiko formatuan ariko da Jesus Prieto Pitti gitarra jotzailearekin. Ken Zazpi taldeko abeslariak errepertorio berezia eskainiko du, bere hurrengo bakarkako proiekturako sortu dituen abesti eta moldaketa berriekin, eta Ekaik aurreratu du sorpresa bat ere prestatu dutela: kolaborazio bat egingo du Elorrietarekin, eta Itoizen As noites da Radio Lisboa abestia berreskuratuko dute Musikaz blai diskotik (1983). Ekaik berak konposatu zuen abestia, duela 30 urte baino gehiago Itoiz taldearekin grabatu zituen bi diskoetako baterako. Espaloian diskoa grabatu ostean (1985) utzi zuen taldea.

Sanseverino musikari frantziarrak eta bere bandak emango duten kontzertuarekin bukatuko da jaialdiaren aurtengo edizioa. Django Reinhardten zale sutsua da; arrakasta handia ari da izaten Frantzian, eta Montreuil / Memphis azken diskoarekin Atlantikoaren ertz batetik bestera jauzi egiten duen soinu elektrikora ireki da musikaria.

Jean Marie Ekaik 2012an ekin zion Guitaralde jaialdiari, Ipar Euskal Herriko musika jaialdien eszenan alea jarri asmoz. Hendaian kultura arloan lan egiten zuen lagun batekin elkartu eta festibala sortzea erabaki zuten, baliabide gutxirekin. Pixkanaka haziz joan da sei urteotan, eta horren erakusgarri da aurten hirutik lau egunera luzatu dutela jaialdia. Gaur egun «ondo bideratuta» ikusten du Ekaik, «aurrera jarraitzeko moduan». Guitaralderen inguruko informazio guztia guitaralde.hendaye.com helbidean aurki daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna