Zientzia. ARGI ALDIAN

Gehiegizko arretaren zikloa

Gorka Azkune -

2019ko urtarrilak 11
EHUko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea

Urte berri on guztioi! Urte sasoi honetan oso tipikoa izaten da urte berriak ekarriko digunari buruz hitz egitea. Ez naiz ni hori egitearen oso zale, aurreikuspenak ez baitira ia inoiz ongi irteten. Niels Bohr fisikari handiak esan zuen moduan, oso zaila da iragarpenak egitea, batez ere etorkizunari dagokienez. Horregatik, beste batzuk egindako iragarpenak ekarriko dizkizuet hona.

Teknologiaren munduak badu antza modarenarekin. Gezurra badirudi ere, teknologiaren munduan ere badira joerak, modan bezala. Modaren munduan ohikoa da hurrengo urteko udaberriko joeren inguruan hitz egitea, adibidez. Antzeko moduan, teknologian bada oso ezaguna den ziklo bat: Gartnerren zikloa. Izena Estatu Batuetako enpresa batetik hartu da, haiek baitira zikloa asmatu zutenak. Baina zer da, bada, ziklo horrek erakusten duena?

Labur esateko, Gartnerren zikloak teknologia batek bere garapenean zehar igarotzen dituen faseak erakusten dizkigu. Gainera, urtero, teknologia bakoitza zikloaren zein fasetan dagoen ere erakusten digu. Gartnerren zikloan bost fase aurreikusten dira: 1) teknologiaren agerpena, 2) gehiegizko arretaren tontorra, 3) desilusioaren bailara, 4) argitasunaren malda, eta 5) produktibitatearen lautada. Izenek iradokitzen duten bezala, faseek badute antza mendiko txango batekin. Hasieran teknologiak agertzen dira, oraindik ere garapen fase oso ahulean (lehen fasea). Teknologiek komunikabideen arreta bereganatzen dute, berehala gehiegizko arretaren tontorrera igoz (bigarren fasea). Tontor horretan, esan genezake teknologiaren inguruan itxaropen handiegia jartzen duela gizarteak, komunikabideen eskutik. Baina errealitateak azkar erakusten digu teknologia hori ez dagoela oraindik behar bezain heldu. Beraz, komunikabideek beren arreta beste nonbait bideratzen dute. Puntu horretan, teknologia desilusioaren bailarara jaisten da abiadura handiz (hirugarren fasea). Enpresek, zentroek eta unibertsitateek, ordea, teknologia hori garatzen dihardute, orain gizartearen begiradetatik urrun. Poliki-poliki teknologia hori geroz eta emaitza hobeak ematen hasten da, argitasunaren maldan gora joanez (laugarren fasea). Teknologia dominatzen dugu, merkatua argi dago, eta hor hasten da produktibitatearen lautada (bosgarren fasea).

Azken Gartner zikloa 2018ko abuztuan plazaratu zen. Jakin nahi duzue zer teknologia dauden gehiegizko arretaren tontorrean? Agian ezagunak egingo zaizkizue: neurona-sare sakonak! Bai, bai, zutabe honetara hainbatetan ekarri dudan gaia. Tontorrean beheraka doan teknologia bat blokchain ospetsua da. Eta bailaran behean ahaztuta dagoen teknologia bat errealitate areagotua da. Orain dela urte gutxi tontorrean egon zen.

Agian interesgarriagoa da tontorrera bidean dauden teknologiei begiratzea, urte berrian zehar eta hurrengoetan denon ahotan egongo baitira. Hona hemen adibide batzuk: konputazio kuantikoa, adimen artifizial orokorra eta robot adimentsuak. Niretzat berri onak dira. Gartnerren zikloaren arabera, oraindik urte askotan idatzi ahal izango dut zutabe hau, gai horiek ezagunak baitira niretzat! Izen ezezagunak agertzen hasten direnean jakingo dut heldu dela nire ordua ;-)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna