Alaitasun bare bat

Jabier Muguruzak eta Iñaki Irazuk 'Oker (txakurra da)' diskoa ondu dute; umeei eta helduengan bizi diren umeei zuzendutako hamar kanturekin

Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
«Beti izan dut interes bat izan nintzen umearekiko, haurtzaroarekiko. Esaten da haurtzaroa besterik ez garela. Eta nik hainbeste ez nuke esango, baina marka batzuk uzten dituela bai, dudarik gabe, gure existentzia baldintzatzen dutenak». Horregatik jarraitzen du Jabier Muguruzak bizitzaren ustezko lehen eremu horretan aztarrika. Oraingoan, Iñaki Irazurekin: Oker (txakurra da) diskoa ondu dute elkarrekin; Irazuren hamar poema dakartza, Muguruzak kantu bihurtuak. Mara-Mara zigilupean plazaratu dute.

Pandemia hastearekin batera heldu zioten lanari idazleak eta musikariak. «Erdi brometan hasi ginen, onomatopeiaren balioaz hizketan, haur literaturaz. Eta handik gutxira Iñakik bidali zidan Karranka eta intziri poema». Orain diskoa zabaltzen duena, hain justu. Etxe bateko bi ateri buruz ari da, karran-karran egiten duen ate zaharraz eta iii...iii egiten duen ate berriaz. Hitzak jaso zituenean «sorginduta bezala» gelditu zela oroitu du Muguruzak, eta Irazuri eskatu ziola bide horretatik segi zezala, gisako letrak bidaltzen. Esan eta egin, Irazuk hitzak bidali eta Muguruzak doinuak konposatu ahala ondu dute diskoa.

Pandemiaren itzalak ere izan du pisurik proiektuan. Muguruzak aitortu du berarentzat helduleku moduko bat izan dela, bolada ilun baten ondotik: «Ni oso egoera gogorretik nentorren: anaia hil, larri gaixotu, eta tratamendua bukatzera nindoala, pun, pandemia etorri zen. Niretzat oso lagungarria izan zen erdi txiripaz nola hasi zen prozesua Iñaki Irazurekin».

Atzo goizean aurkeztu zuten lana, eta, Irazuk bertaratzeko modurik izan ez zuen arren, Muguruzak azpimarratu zuen lana biek sinatzen dutela. Hark bidalitako hitzak ere irakurri zituen: «Poema hauek, Jabierrek kantuan eskaintzen dizkizuenak, nire baitan bizi den umearekin eginak dira, elkar hartuta, eskuz esku. Onean hartu dugu elkar, elkar elikatuz».

Agerraldian, Muguruzak lagun izan zuen Mikel Azpiroz, proiektuan parte hartu duena. Hari bidali zizkioten, hain justu, lehen hiruzpalau kantuak, eta ontzat jo zituenean hasi ziren besteak ontzen. Uda hasierarako bazituzten diskoan bildu dituzten hamarrak. Donostiako Mamusik estudioan grabatu dituzte, «aparteko musikariekin», Muguruzaren hitzetan: Azpiroz Rhodes pianoan, Jean Marie Ecay gitarra elektrikoan, Denis Benarrosh perkusioan eta ahotsen atalean, berriz, Nieves Arilla eta Muguruza bera.

Umearen barne mundua

Hain zuzen, musikariak ahotsaren alderdian nabaritu du aurreko lanekiko alde aipagarrienetako bat, «esperimentutzat» jo duena: «Nire aurreko lanetan umeak jarri ditut kantari, baina oraingo honetan interesa nuen nik neuk eta beste norbaitek egiteko, eta berehala etorri zitzaidan Nieves Arillaren izena. Esango duzue: 'Baina hau ez al zen Zaragozako kantaria?' Bai, baina euskaraz abesten du zoragarri. Ahots ederra dauka». Gogora ekarri du Mikel Errazkinen diskoetan Arillak egindako kantu lana, baita bere Hain guapa zaude (2001) diskoan egindakoa ere. Umeekin egin ordez, harekin abestea harago joatea izan dela azaldu du, probatzea: «Zerbait eman nahi nien kantuei, beharbada orain arte lortu ez dudana. Umeekin egindako lanekin oso gustura nengoen, baina espresio aldetik kosta egin zait zuku hori ateratzea».

Diskoak ezaugarri nabarmenik izatekotan, «alaitasun samur eta bare bat» litzateke hori, Muguruzarentzat, alaitasun «zalapartatsu» batetik urrun dena. «Saiatu gara umearen barne mundura iristen, sosegua transmititzeko». Lan honetako kantuak orain artean baino ume txikiagoei zuzenduta daudela esan zuen; «2-6 urte artekoentzat», zehatzago. Baina gero zabaldu egin zuen tartea: «Nerabezaroa alde batera utzita, gainontzeko guztientzako disko bat da. Bizirik badaukagu behintzat barruan daramagun umehori». Ezusteko adibide batekin erakutsi zuen: Kro-kro kantua jarri, abesten hasi, «Kro-kro/diloak/malko bat/isuri du: lodi!», eta aretoko heldu batek barre egitean, hari begira: «Horra, barruko umea barrez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.