Hiri zuriko hildakoak

Eva G. Saenz de Urturiren 'Hiri zuriaren isiltasuna' liburu arrakastatsua argitaratu du Alberdaniak, Miel A. Elustondok itzulia

Eva G. Saenz de Urturi, artxiboko irudi batean. BERRIA.
mikel lizarralde
Donostia
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Eva G. Saenz de Urturik (Gasteiz, 1972) bata bestearen atzetik argitaratu ditu liburu arrakastatsu eta oso salduak. La saga de los longevos (2012) lehen nobela argitaratuzuenez geroztik idatzi dituen lan guztiek —Los hijos de Adán, Pasaje a Tahiti, Aquitania— hedapena izan dute mundu osoan, eta 31 herrialdetan eta hamazazpi hizkuntzatan ikusi dute argia. Saenz de Urturik idatzitako nobela sailik ezagunena, baina, El silencio de la ciudad blanca-k hasitakoa da, Los ritos del agua-k eta Los señores del tiempo-k osatzen dutena. Orain, Alberdania argitaletxeak kaleratu du trilogiako lehen nobela euskaraz, Miel A. Elustondok itzulita, Hiri zuriaren isiltasuna izenburuarekin.

Thriller baten trama bete-betea dauka eleberriak: Tasio Ortiz de Zarate arkeologoak kartzelan pasatu ditu azken hogei urteak, Gasteiz astindu zuten hilketa bitxi batzuen egiletzat jo baitzuten. Ateratzeko baimena lortzen duenean, berriro hasiko dira hilketak hirian. 20 urteko bikote bat hilda azalduko da katedral zaharraren inguruan; biak biluzik eta biek eztarrian erle ziztadak dituztela. Handik gutxira, 25 urteko beste bi pertsona agertuko dira hilda egoera berean, eta Unai Lopez de Ayala inspektore gazteak hartuko du bere gain ikerketa.

Saenz de Urturik azaldu duenez, liburua idaztean bere helburua izan zen irakurlea «lepotik» hartzea eta eleberria osatzen duten istorioetan barrena eramatea, eta, horretarako, elementu «zehatzak» baliatu ditu. Hala, Gasteizko kale eta inguruen «usaina» nabari da liburuan: «Gasteiz,istorioa gertatzen den kokalekua izateaz gainera, pertsonaia bat ere bada».

Elustondok nabarmendu du Jorge Gimenez Bech editoreak bi ohar egin zizkiola liburua euskaratzea eskaini zionean. Bata, milioi bat karaktere dituela liburuak; bestea, irakurleak erraz irakurri beharko zuela: «Jakina, ezingo nuek nik bestsellerra zaildu. Liburua irakurri nuen, pultsua hartu nion, eta itzultzen hasi nintzen. Eta hasi eta burutu nuen agindutako lana. Asun Garikanoren pentsamendu hura gogoan beti: 'Idazleak, edo itzultzaileak, gogotik egin behar du lan, irakurleak lanik hartu beharrik izan ez dezan'».

Itzultzaileak aitortu duez duela zailtasun apartekorik izan Saenz de Urturiren nobela euskaratzeko: «Hizkuntza zelaia darabil, eta ni ere, mendian gora gabe, zelaian ibiltzen saiatu naiz». Horretan bereziki nabarmendu du Leire Arano zuzentzailearen lana. «Hortxe etorri zait ni eta nire itzulpena zentzabidean jartzera, kohesioz eta koherentziaz janztera. Itzultzailearena bezainbat da testu hau zuzentzailearena».

Saenz de Urturik prest dauka saileko laugarren eleberria izango dena, eta hurrengo urteko otsailean argitaratuko du gaztelaniaz. Euskaraz, berriz, oraingoz lehenengoa dago irakurgai, eta, Gimenez Bechek adierazi duenez, nahiko lukete beste nobelak ere itzultzea. «Hau esperimentu bat da. Ez dakigu zein diren arrazoiak, baina euskal literaturaren sisteman ez gaude halako lanetara ohituta. Zoritxarrez, beti albo batetik begiratu izan zaie liburu arrakastatsuei». Alde horretatik, apustutzat jo du Hiri zuriaren isiltasuna euskaraz argitaratu izana, eta literatur sistemaren estandarizazioan pauso bat dela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.