Immateriala gorpuztuz, eta alderantziz

'x hau ez da okupatzen...' erakusketa zabaldu dute Agoitzen; memoria feminista du ardatz. Jone Rubiok egin du komisario lana

x hau ez da okupatzen... erakusketa, Agoizko Kultur Etxean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Yasmine Khris.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Ikerkuntza arlotik dator Jone Rubio BERRIAko arte kritikaria (Altsasu, Nafarroa, 1995), baina Agoizko Kultur Etxean (Nafarroa) komisario lanetan aritu da lehenbiziko aldiz. Uholdeak programaren barruan dago haren proiektu berria, x hau ez da okupatzen..., eta joan den astean aurkeztu zuen. Duela hiru urte sortu zen proiektua, Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Nafarroako Kutxa eta Caixa fundazioek bultzatuta, arte garaikidea eta komisariotza sustatzeko hiriburutik at.

Rubiok argi zuen emakumeek espazio publikoan duten rola jorratuko zuela diru laguntza horren bidez. Emakumeek duten lekua, eta baita borrokatu behar izan dutena ere. «Memoria feminista inoiz ez da izan hegemonikoa. Espazio publikora eraman nahi nuen oroimen hori, ahozkotasunak garrantzi handia baitu alde horretatik». Diziplina anitzeko emaitza da Agoitzen ikusgai dagoena: arte plastikoak, musika, bertsolaritza, poesia... eta hainbat artistaren lanak bildu ditu Rubiok. Hain zuzen ere, Ione Atenea, Aizpea de Atxa, Celia Eslaba, Andrea Ganuza eta Mireya Martin Larunbe artista plastikoena.

Bertzalde, zuzeneko emankizunek osatuko dute erakusketa. Ibil Bedi musika taldea ariko da martxoaren 6an, eta Ione Atenea argazkilari eta bideo dokumentalgileak ere tailer bat emango du martxoaren 12an. Igandean, berriz, Sarai Robles, Idoia Granizo eta Alazne Untxalok bertso saioa egin zuten.

Emakumeak, erdigunera

«X nor da?» galderari erantzun dio Rubiok, anbiguetatearekin jokatu nahi baitzuen: «Gorputza al da? Oroitzapena? Berez, subjektua ez da existitzen, baizik eta subjektuaren objektuak. Nahiz eta egoitza ez den fisikoki okupatzen, presentzia nabari da». Hala eta guztiz ere, gorpuztasuna ageri da, prozesu baten fruitu gisa. «Esperientziak memoria bihurtzen dira, eta memoria objektu, emozio edo mugimendu».

Rubiok aitortu du komisario gisa izandako lehenbiziko esperientziak «bertigoa» eman diola. Hala eta guztiz ere, bere ikerlari ibilbidean oinarritu du Uharte zentroak bultzatutako proiektua. Erakusketa laguntzen duten azalpenetan, zenbait emakumeren izenak azaltzen dira: Donna Haraway irakasle emeritu estatubatuarra, Sara Ahmed akademiko britainiarra eta Gloria Anzaldua aktibista politiko txikanoa, bertzeak bertze. «Asko irakurri nuen ikerketa lanean, eta modu inkontziente batean gertatzen da nire ikerketaren eta artisten lanaren arteko konfluentzia, era guziz naturalean».

Komisarioak aitortu du ikerketa lanean maiz bakarti senti daitekeela; proiektu honetan, berriz, «garrantzitsutzat» hartu ditu sortu diren harremanak. Hala, artistek aurrez egindako lanak eta erakusketarako propio landutakoak dira proiektuaren ardatz. Horretarako, nabarmendu egin du artista bakoitzaren bidea, ikerketatik proposamen artistikora. «Haien lana kristaltzea, horixe nuen helburu».

Rubiok argi zuen askotariko diziplinekin aritzea zela bidea, nahiz eta gai jakin bat landu. Horregatik, artista plastikoen lanak kultur etxean ikusgai diren bitartean, bestelako ekitaldiak egingo dira kalean (musika, bertsoak).

x hau ez da okupatzen... erakusketa martxoaren 19ra arte izango da Agoizko Kultur Etxean. Egitasmoaren bigarren geltokia Altsasuko Iortia kulturgunea izango da, martxoaren 24tik apirilaren 28ra arte, eta Tafallako Kulturgunean amaituko du bidea, maiatzaren 5etik 26ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.