PROPOSAMENAK

Artea haitzuloetan

Zabalik dago Ekainberri Zentroa, ekainaz geroztik. Ekain kobazuloko labar pinturen erreplikak daude bertan ikusgai bisitari guztientzat.

Ekainberriko labar artea. JON URBE/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zestoan (Gipuzkoa) dago Ekainberri, Ekain (Deba, Gipuzkoa) haitzuloaren erreplikan oinarritutako zentroa. Labar pinturen kopiak eta kobazuloaren egitura bera ditu zentroak. Hainbat ekintza antolatzen dira zentroaren inguruan, baita eskaintza didaktikoa eskaini ere. Konfinamenduan itxita egon bazen ere, ekainaren 2tik segurtasun osoz bisita daiteke Ekainberri. Gainera, bertaratzeko ibilbideak naturaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen du.

1969an, Azpeitiko Antxieta kultur elkarteko bi kidek aurkitu zituzten jatorrizko kobazuloa eta bertan zegoen labar arteko multzoa. Egun berean, aurkikuntzaren berri eman zieten Aranzadi Zientzia Elkarteko bi kideri: Jose Miguel Barandiaran eta Jesus Altunari. Orduantxe jarri zen abian Ekaingo kobazuloa eta labar artea babesteko ekimena, eta, ondorioz, Ekain haitzuloa, ondare gisa babestuta dagoen espazioa izanik, ezin izan da inoiz bisitatu. Horren ordez, haitzuloaren erreplika bat eraikitzeko proiektua garatzen hasi ziren, eta 2008an ireki zizkieten ateak bisitariei.

70 animalia irudi inguru daude haitzuloan, gutxi gorabehera; 64 margotuak eta 6 grabatuak. Zaldia da gehien ageri den irudia. Zaldi multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik aberatsenetarikoa da. Zaldiez gain, hartzak, oreinak eta beste ere ikus daitezke Ekainberrin. Haitzuloa hainbat galeriatan banatzen da, eta jasotzen dituzten irudien arabera izendatu dituzte: Erdibide, Auntzei (ahuntzak), Erdialde, Zaldei (zaldiak), Artzei (hartzak) eta Azkenzaldei (zaldiak). Familian, lagunartean zein bakarrik bisitaz eta hainbat ekintzaz gozatzeko aukera ezin hobea eskaintzen du Ekainberrik, baita bertako inguru berdeak ere.

COVID-19 gaitza dela eta, ekainean ireki zituen Ekainberrik ateak, eta irailera arte zabalik mantenduko dituzte bisitarientzat: 10:00etatik 19:00etara.

Segurtasun neurriak

Hala ere, pandemiak eragindako derrigorrezko geldialdian ere lanean jarraitu dute Ekainberrin, eskaintza berrindartzen eta gune eta instalazioak irekierarako baldintzetara egokitzen. Bisitarien taldeetan, pertsona kopurua murriztu egin dute segurtasun tartea mantendu ahal izateko, eta Ekain Abentura arkeologia esperimentaleko jarduerak ez dira eskainiko. Ohiko garbiketa zerbitzua luzatu egin dute, eta bisitariekin kontaktuan egon daitezkeen guneak aldiro garbituko dituzte, bisitari berriek gunea garbi izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.