Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Bostehun eta hamabi

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Emakume izatea ez da erraza izan inoiz. Are gutxiago joan den mende hasieran Japonian, eta, are gutxiago, arrantzale herrixka batean. Kaneko Misuzu Japoniako poeta ahaztua izan da. 2011n Tohoku inguruan izandako lurrikara eta tsunamiaren ostean etengabe entzuten zen Misuzuren Oihartzuna zara poema. «Badiot, jolastuko gara? diozu, goaz jolastera/badiot, ergel!/diozu, ergel!/Badiot, ez dut olgatzen jarraitu nahi/diozu, ez dut olgatzen jarraitu nahi./ Gero, bakarrik sentitzen naiz./Diot, sentitzen dut/ diozu, sentitzen dut./ Oiartzuna zara?/Ez, mundu osoa zara». Amarena zen liburu denda batean hazi zen Kaneko Misuzu, eta, agian horregatik, hemezortzi urtera arte eskolan egon zen. Liburu dendan denetarik irakurtzen zuen, lanak uzten zion tarteetan. Hogei urte betetzerakoan, baina, ezkonarazi egin zuten, maite ez zuen gizon batekin. Gizonak ere ez omen zuen maite Kaneko Misuzu. Irakurketa eta idazketa debekatu zizkion. Liburu dendatik eta familiatik urruti zegoen hirira joan zen gizona, eta Kaneko Misuzuk jarraitu zuen. Umedun zegoen. Gizonak urruneko hiri hartan ere ez zuen emaztea maite izan. Kaneko Misuzuri gaixotasun benereoa pasatu zionean hasi zen okerrena. Dibortzioa erabaki zuten eta Misuku herrira itzuli zen; baina gizonak alaba berarentzat nahi zuen. Eman zioten. Borroka hura gehiegi izan zen Kaneko Misuzurentzat. Hogeita sei urterekin bere buruaz beste egin zuen. Neba gazteari eman zizkion 512 poema zituen hiru koaderno. Kaneko Misuzu hil eta urte askoren ondoren, beste poeta batek, Setsuo Yazakik, lortu zituen hiru koadernoak. Kaneko Misuzuren neba gaztea zaharra zen ordurako, eta poeta ahaztua zegoen. Bere ekimenari esker berreskuratu egin dituzte Kaneko Misuzuren poemak.«…leku bat dago, hor nonbait, non inoiz gauza onen bat egin nuen/ eta pasatzen naizenero ondo sentitzen naiz...». Eskerrak poeta onak berreskuratzen dituzten poetak dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.