PROPOSAMENAK

Arabako hondartza

Uribarri Ganboako urtegiak bainurako gune ugari dauzka. Uretako ekintzak eta mendiko ibilbideak egiteko ere ingurune aproposa da

Uribarri Ganboako urtegia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jone arruabarrena
2020ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Uda honetan hondartzek ezingo dute ohi bezainbeste jende hartu, baina ingurune paregabe batean bainu bat hartu edo bestelako ekintzez gozatu nahi duenak badauka aukera. Uribarri Ganboako urtegian (Araba) bainurako hainbat gune daude, belaze zabalez inguraturik. Udan, sorospen zerbitzua izan ohi da. Baina igeriketaren lagun ez direnentzat ere ekintzaz beterik dago urtegia; besteak beste, hiru parke biltzen dira horren bueltan: Garaioko parkea, Landako parkea eta Mendixurko parke ornitologikoa. Azken horretan paseatuz mota askotako hegaztiak begizta daitezke. Beste aukera bat da aire zabaleko behatokira joatea, eta bisita gidatu batean parte hartzeko aukera ere badago.

Ibilbide luzeagoak egin nahi izanez gero ere, leku egokia da Uribarri Ganboako urtegia. Ibilbideen artean, hiru dira azpimarratzekoak: iparraldekoa, hegoaldekoa, eta ostera luzeago baterako, bi ibilbideak lotzen dituen itzulinguru osoa.

Urtegiaren iparraldeko zatia besarkatzen duen ibilbideak 31,8 kilometro dauzka; ur ertzetik egiten da bidea, eta urtegiaren erdialdean dagoen Zuhatzako irla ikus daiteke bidean zehar. Hegoaldeko ibilbideak berriz, 12,8 kilometro dauzka, eta urtegia hainbat aldiz ur gaineko pasabideen bidez zeharkatzen du. Bizikletentzako egokituta daude bide guztiak, eta bizikletarik izan ezean ere urtegian bertan aloka daiteke.

Bisita gidatuak nahi izatekotan, era guztietakoak egin daitezke: oinez, bizikletaz edo buggy-an. Urtegiaren inguruko bioaniztasunari, historiari eta hegaztiei buruzko azalpenak jasotzeko aukera dago, besteak beste, itzuli gidatu horietan.

Bi klub nautiko ere badira urtegian, eta bertan arrauna, piraguismoa eta windsurfa egin daitezke. Haurrentzako udako tailerrak ere antolatzen dira: orientazioa edo ginkana, besteak beste. Horrez gain, txikienek urtegi inguruan dagoen askotariko fauna eta flora ezagut ditzaten, intsektuei, hegaztiei edo urari buruzko tailerrak antolatzen dira.

Aurtengo salbuespenak

Aurten, koronabirusa dela eta, Uribarri Ganboako bainu guneak hainbat neurri hartu ditu: ez du sorospen posturik izango, eta, horren ordez, postu gehiago jarriko dira Landako hondartzan. Iragan urteetan aulkien alokairu zerbitzua martxan egon da, baina uda honetan ez da horrelakorik izango, ezta mugatutako haurrentzako gunerik ere. Edukiera, gainera, mugatua izango da. Gehiago jakiteko, zabalik dago uda osoan Garaioko parkeko informazio gunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.