PROPOSAMENAK

Trikuharrien bidean

Naturaz eta ondareaz gozatzeko aukera ematen du Aralar mendiak. Santutegiaz gain, ikusgarriak dira paisaiak eta megalito multzoak ere

San Migel Aralarkoaren santutegia, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Naturaz eta ondareaz gozatzeko hamaika aukera eskaintzen dituen parajea da Aralar mendilerroa, eta trikuharrien ibilbideak dira interesgarrienetako batzuk. Zenbait aukera daude historiaurreko megalito multzoak ikusteko, Etxarri Aranaztik nahiz Lekunberritik abiatuta (Nafarroa).

Zehazki, Aralarko harizti eta pagadietan barneratzen diren bi bidexka ateratzen dira Etxarri Aranazko kanpineko aparkalekutik: egun osoko ibilbide luzea (15 kilometrokoa) eta egun erdikoa (9,7 kilometrokoa). Biak ala biak daude seinaleztatuta. Ibilbide luzean, basoez gainera, Andia mendiaren ikuspegiaz gozatu ahalko dute mendizaleek. Trikuharriak, berriz, bidearen 4,5. kilometrotik aitzinera azalduko dira han-hemenka: Beitzeta, Iruiturrieta, Jentiltzulo, Benintxar, Irumugarrieta, Zalatamuno, Mintegitxuta eta Txaradigorri. Olanoko lepoaz harago —9,6 kilometroan—, Pagamendiko trikuharria dago. Aldapa latza igo behar da megalito horretara iritsi aurretik, baina saiatzea merezi du, ondareaz gain, inguruko mendien ikuspegi ederra eskaintzen baitu gainak. 11,5. kilometroan ibilbideko azken trikuharria dago: Maitzegur.

Ibilbide laburra egin nahi izanez gero, Etxarri Aranazko kanpineko aparkalekutik eskuinera jo beharko dute mendizaleek. Pagamendiko gainean bat egiten dute bi ibilbideek.

Bestalde, Lekunberritik abiatuta ere badago Aralarko trikuharriak ikusterik, San Migel santutegiraino doan errepidean gora. 9,7. kilometroan, iparrerantz doan pista bat hartu behar da, Aralarko bazkalekuetaraino iritsi arte. Han, bazkalekuetan, hamabi kilometroko ibilbidea hasten da. Lehen kilometroak dira zailenak: sakabanatuta eta baso pistatik kanpo daude trikuharriak. Ibilbide markatuan aurrera eginez, uharka batera iritsiko dira bisitariak. Han daude ibilbideko hamar trikuharrietatik sei, den-denak 1.100 metrotik gorako garaieran.

Mila urtetik gorako historia

Trikuharrien bidea albo batera utzi eta errepidean gora eginez—badago Uharte Arakil herritik ere iristeko aukera, mendi pista erabilita—, Erdi Aroko arteaz gozatzeko aukera ematen du San Migel Aralarkoaren santutegiak. Hiru habearteko tenplu soila da, XII. mendekoa, baina presbiterioko erretaula da munduan ezagun egiten duena: arte erromanikoaren maisulan hori esmaltez eta harri-kristalez egina dago. Rene Alphonse van den Berghe, Erik Belgikarra lapur ospetsuak lapurtu zuen erretaula 1979an. Erretaula zaharberritu eta santutegira itzuli zen 1991. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.