PROPOSAMENAK

Haran gazi bat

Gatzagen historiaren berri izateaz gain, gatz haraneko arkitektura ikusgarria behatu daiteke Añanan. Gatza egiteko aukera ere badago

Bisita gidatu bat Añanako gatzagetan. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duela 251 milioi urte hasi zen Aro Triasikoa, eta duela 200 milioi urte bukatu. Garai hartan, kontinente guztiek Pangea izeneko kontinente bakarra osatzen zuten, eta gaur egun Gesaltza Añana (Araba) izenez ezagutzen den herria ozeano handi batek estaltzen zuen. Ozeano horren lurrunketak, berriz, ebaporita geruza handiak eragin zituen hondoan, eta, gerora, beste estratu batzuk sortu ziren horien gainean. Denboaren poderioz, ordea, ebaporita geruza horiek lurrazal gainera igotzen hasi ziren, dentsitate txikiagoa zutelako; eta gaur egun ere prozesua aktibo dago. Geruza horrek hainbat material ekartzen ditu berekin: karniolak, ofitak, kareharriak eta buztinak, besteak beste.

Horrela, Gesaltza Añanako lau iturburuetatik berez-berez irteten da ur gazia; iturburu horietako bakoitzak 210 gramo gatz ditu litroko, ozeanoek daukatena halako zazpi.

Añanako gatz egileek zurezko enbor hustuekin eraikitako ubideen banaketa sistema sortu zuten, lau kilometro dituena. Iturburuak haranaren goialdean daude, eta ubide sistemak gesala banatzen du gatz ustiategi osoan zehar. Gesala larrainetara iristen da, eta, ura modu naturalean lurruntzean, gatza lor daiteke. Egurrezko eraikuntza horiek pasaia bitxia osatzen dute, eta Nazio Batuen Erakundeak mundu mailako ondare sistema garrantzitsu izendatu du.

Orain, ustiategia bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide bat dago, iturburuetatik gatz ustiategietaraino doana. Zati batzuetan, bidea egurrezko pasabide baten gainetik esekita iragaten da, eta beste batzuetan, egurrezko zutabeek eusten dieten gatz-kristalizazio larrainen azpitik. Hainbat ibilbide gidatu egiteko aukera dago gatz haranean: besteak beste, gatzagen historia, arkitektura, arkeologia eta bioaniztasuna ezagutzeko. Norberak bere gatz propioa ekoizteko aukera ere badago, bertako arduradunen laguntzaz. Noski, Añanako gatz egileek egindako gatz preziatua ere erosi daiteke.

Azkenik, gatza egin ondoren, erlaxatzeko betarik ere ez da falta; oin eta esku bainuak hartzeko gune bat ere badago haranean.

Duela 7.000 urteko aztarnak

Aste honetan egindako indusketek 1.200 urte baino gehiago dituen gatzunetarako egurrezko kanala azalarazi dute. Aro Neolitikoko hainbat tresna ere aurkitu dituzte; hau da, duela 7.000 urte baino gehiagokoak. Horrek esan nahi du Añanan dagoela munduan gatz bizia ekoizten duen lantegirik zaharrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.