PROPOSAMENAK

Izura ingura dadila

Nafarroako Erresumako negozio hiri garrantzitsua izan zen, eta Latsaga gaztelua zutik du oraino. Eguna pasatzeko ibilbide ederrak ere baditu

Piarres Erdozaintziren eskulturaren atzean, Latsaga gaztelua ageri da. BOB EDME.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Izura (Nafarroa Beherea) Done Jakue bideak egiten du ezagun, baina aise lehenagotik bildua zuen ospea. Europa iparraldetik datozen hiru bideek han dute bat egiten, Orreagan (Nafarroa Garaia) barrena segitzeko. Alta, Daniel Arbeletxe izuratarrak oroitarazi du bidea lehenagokoa zela: «Izura betidanik izana da pasaia bidea; erromatarrak, beilariak, Napoleonen armada... Inbasio guziak pasatu ziren hemendik».

Arbeletxek esan duenez, Nafarroako Henrike III.ak izkiriatu zuen Izura Nafarroako eta Biarnoko Erresumako komertzio hiri nagusia izan zela, eta beti fidela: «Horregatik erre zuten XV. mendean, konkistatu gintuztenean».

Adierazgarria da Erdi Aroan hiriak hamabi bat ostatu eta hiru ospitale izatea: Haranbeltzekoa, Santa Katalinakoa eta herri zolakoa, orain beilarien aterpetxea dena. Azken hori hiriko harresietatik kanpo zegoen: «Beilariak hirian sartu gabe pasatzen ahal ziren, Izuran sartzeko ordaindu beharra zegoen zergaz libre. Hiria eritasunetatik babesteko ere egin zuketen hori».

Autoa eliza inguruan utziz, lehen ingurua etxeen ate gaineko harriei begira egin daiteke: «XVIII-XIX. mendekoak dira, frantsesez idatziak. Etxea da mintzo berezko egitura gisa, eraikiarazi zutenen izenekin, emazte zein gizon, bi generoak parekaturik. Etxea zen lehen egitura; eginbeharrak oro lotuak zitzaizkion».

Ibilaldi handiagoetarako, bi proposamen egin ditu izuratarrak. XII-XIII. mendeko Haranbeltzeko kaperaraino doana da bat. Karrika xutetik beheiti joanez, ospitale izandakotik abiatzen den bidexkan barrena: «Oso ibilaldi polita da, oren pare batez egitekoa. Oihan peetatik iragaten da, baina bista ederrak ere baditu». Gehitu du basoan ikustekoa dela Andre dena Mariaren iturria; Barandiaranek bildu zuen haren izen zaharra: Mari gure ama lurraren iturria.

Ingurua luzatu nahi izatekotan, Soihartzeko kaperaraino ere segi daiteke, eta Neolitoko harrespilez gozatu. Kapera horretan hau irakur daiteke: «Andre dena Maria aro gaixtotik begira gaitzazu».

Bigarren ibilaldi proposamenaIzura herritik Latsaga gaztelurainokoa da, oren bat eta erdikoa: «Errazki egin daiteke, haurrekin; oihan guneak baditu. Gaztelua eta hilerria bisitatu daitezke».

Haizeberri kultur etxe izandakoak herexa ikusgarriak utzi ditu: hiru eskultura. Latsagakoa Piarres Erdozaintzi Etxartek egin zuen, hiriaren iparraldekoa Christiane Giraudek, eta plazakoa, berriz, Joanes Etxegaraik.

Ingurua Ametzainea ostatuan zintzurra euskaraz bustiz buka daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.