PROPOSAMENAK

Eraldaketaren xarma

Gasteizko Katedral Zaharrak ateak zabaldu ditu berriz. Bisita gidatuez eta kultur eskaintza zabalaz goza daiteke katedralean

Bisita gidatuak katedralean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Katedral gotiko bat eraikitzen hasi ziren Gasteizen Erdi Aroan, baina ez edonolakoa. Gerora argituko ziren katedralaren barnean garai haietan gorde zituzten kode ezkutuak, pasadizoak eta misterioak. Istorio horrek badu fikziotik eta egiatik zerbait. Besteak beste, Ken Follet idazle galestarraren World Without Endnobela entzutetsuak (Amaierarik gabeko mundua) katedral misteriotsu hori du kokaleku. Folletek berak aitortu duenez, Gasteizko Katedral Zaharrean aurkitu zuen nobela idazteko oinarria eta inspirazio iturria.

Ez da gutxiagorako; izan ere, Santa Maria katedrala ez da gurtzarako leku soil bat. 1200 inguruan hasi ziren eraikitzen gaur egun ezagutzen den eraikina. Mendeetan, etengabe eraldatu da katedrala, eta hala jarraitzen du gaur egun ere. Hori da, hain zuzen, eraikinaren xarma. 1994. urtean, itxi egin behar izan zuten, azpiegitura egoera kaskarrean zegoelako. 2000. urtetik, berriztatze lanetan dabiltza, baina horrek ez ditu galarazi bisitak. Herritarrak katedralaren prozesuaren lekuko izan daitezen, eraberritze lanak bisitatzeko aukera dago.

Katedrala, bisitatzeko prest

COVID-19aren eraginez, ez da bisita gidaturik egon azken hilabeteetan, baina, uztailetik aurrera, berriro ikusi ahal izango da katedrala; betiere segurtasun neurriak bermatuz. Katedralaz gain, badago beste bisita batzuk egiteko aukera ere, Iñaki Koroso Gasteizko Katedraleko Fundazioko kideak esan duenez: «Katedralak eta Gasteizek beti harreman estua izan dute, eta badago Gasteizko Harresia bisitatzeko aukera ere».

Bisitariak, sartzean, obretako kaskoa jantzi beharko du, eraikuntza lan batean ibili beharko duelako. «Zimenduetatik sartzen da, eta kriptak, nabea, errondaren pasabidea, triforioa eta dorrea bisitatzen dira», azaldu du Iñaki Koroso Gasteizko Katedraleko Fundazioko kideak. Baina, horrez gain, katedraleko hormetan Gasteizko hiriaren historia irakurri ahalko du bisitariak. Izan ere, egindako zaharberritze lanek, arkeologia indusketekin batera, informazio historiko ugari azaleratu dute.

Katedrala gurtzarako eta turismo baliabide gisa erabiltzeaz gain, kulturgune izateko moduan jarri dituzte gune guztiak. Musika kontzertuez, errezitalez, antzerki emanaldiez eta zinemaz gozatzeko aukera dago katedraleko hainbat aretotan. Haurrek ere ez dute aspertzeko betarik izango: ipuin kontalariak eta polikromia ikuskizunak antolatzen dira tenpluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.