PROPOSAMENAK

Txindokiren itzalpean

Aralarko zelai zabaletan dago Txindokiko Itzala abentura parkea. Berrikuntzak egin ditu, eta orain 32 joko eta hamar tirolina ditu parkeak

Mariren Zuhaiztia, Txindokiko Itzala dibertsio parkean. TOLOSALDEA TOUR.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Txindokiko Itzala abentura parkeak (Abaltzisketa, Gipuzkoa) pasa den ekainaren hogeian ireki zituen ateak berriro, uda sasoi atipikoa apur bat girotzeko asmoz. Berrikuntzekin dator parkea: 32 joko eta hamar tirolina daude osotara aurten.

Bi zirkuituk osatzen dute parkea: zirkuitu txikia (Basajaun deitua) eta zirkuitu osoa (Mikelats eta Mari zirkuituez osatua). Basajaun etxeko txikienentzat pentsatuta dago; 4 urteko haurretatik hasi eta 8 urteetarainoko haurrentzat. Umeek heldu batek lagundurik joan beharko dute. Han, zortzi jolas eta bi tirolina aurkituko dituzte abenturazale txikiek, lurretik metro bat eta erdira. Hamabi euroko prezioa du zirkuitu horrek.

Mikelats eta Mari zirkuitu osoaren parte dira, eta aproposak dira 9 urtetik gorako haurrentzat zein helduentzat. Zirkuitu hori egin ahal izateko 1,35 metrotik gorako altuera izan beharko da. Apur bat berotuz joateko, Mikelats zirkuituarekin hasten da ibilbidea, lurretik bost metroraino dauden hamar jolas eta lau tirolinarekin. Ondoren, Mari zirkuitua dago, zailtasun pixka bat handiagoarekin. Lurretik zortzi metroraino dauden sei tirolinarekin egin dezake topo bisitariak. Prezioa hemezortzi eurokoa izango da.

Parkera iristeko bi aukera daude: oinez, Arantzazuko santutegitik edo Larraitzetik; edota autoz, doako aparkalekua dago.

Prebentzio neurriak

Koronabirusaren ondorioz, neurri bereziak hartu behar izan dituzte parkean, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Taldeak hamar pertsonara murriztu dituzte, eta erreserba online edo telefonoz egin beharko da: www.txindokikoitzala.com orrialdean edo (0034) 628-94 72 53 telefonoan. Gainera, zirkuituak berrantolatu, materialen desinfekzioa areagotu eta gel hidroalkoholikoen erabilera derrigortu dituzte, besteak beste. Parkeko zuzendaritzak zuhurrak izateko eskatu die bezeroei, eta edozein sintoma izanez gero parkeko bisita bertan behera uzteko.

Uztailean eta abuztuan egunero irekiko dute parkea, goizetan 10:30etik 14:30era, eta arratsaldeetan, 15:30etik 18:30era. Guztira, zazpi txanda egiten dira egun osoan, bakoitza ordu bat eta erdikoa.

Tirolinetan zintzilikatu eta gero, indarrak berritzeko zelai zabalak eta piknik gunea ere baditu parkeak, Txindoki mendiaren magalean.

Txindokiko Itzala





Udan egunero irekita, goizez eta arratsaldez, Abaltzisketan (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.