PROPOSAMENAK

Parke bat, aukera asko

Ondare ekologikoa eta kulturala dauzka Izkiko parke naturalak. Jarduera asko egin litezke han, hala nola izarrak behatu eta golfean aritu

Gazteluko Haitza, Izkiko parke naturalean. KANPEZUKO UDALA.
jone arruabarrena
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Izkiko parke naturala askotariko paisaiek eta xarma berezia daukaten txokoek osatzen dute. Arabako hego-ekialdean dago, eta Euskal Herriko parke naturalik handienetarikoa da. Ondare ekologiko eta kultural aberatsa du.

Ez dira gutxi han egin daitezkeen jarduerak. Parke naturaletan ohikoa izan ohi den moduan, oinez edo bizikletaz ibilbideak egitea da jarduera nagusia, baina ez hori bakarrik; astrologiaz ikasteko zein golf zelai berezi batean jokatzeko aukera ere badago. Ibilbideetan, esaterako, Ameztiaren bidea da egin daitezkeen ibilbideetako bat, eta Korresko (Araba) amildegiak ikusteko aukera ematen duen beste bide bat ere badago. Hain zuzen, bide gehienak herri horretatik abiatzen dira.

Izkiko parke naturalaren barnean dagoen biztanlegune bakarreko herria da Korres, eta berezitasunak ditu: XIII. mendean sortu zen, eta Erdi Aroko egitura mantentzen du. Herritik hurbil, atseden hartzeko leku aproposa dago; komunak, mahaiak, zabuak eta barbakoak daude erabilgarri.

Ibilbideak eta oro har parke osoa ezin egokiagoak dira txoriak behatzeko ere. Okil ertaina da parkeko txoririk ospetsuena, baina badaude espezie gehiago ere; sai arreak edo arrano beltzak, besteak beste. Gainera, behaketa egiteko, prismatikoak alokatu daitezke Korresko parketxean. Han dago interpretazio zentroa ere. Izkiko elementu naturalen inguruko erakusketa batez gain, bertako herrien historia eta ohiturak ezagutzeko aukera dago.

Parketxe horren ondoan dago Izkiko astronomia behatokia ere. Zientzia jarduerak antolatzen dituzte, baina astronomiaren zabalkunderako hainbat ekintza ere egiten dituzte urtean zehar. Parkeko argi kutsadura apala dela eta, gaueko paisaia astronomiko ikusgarriez goza daiteke behatokian. Gainera, gaueko basafauna ikusteko aukera ere badago.

Askotariko kirolak

Parkean hainbat kirol egiteko aukera ere badago. Esate baterako, han dago Arabako mendialdeko BTT zentroa, eta bizikletak alokatu daitezke. Ibilketa nordikoa eskaintzen duten zentroak ere badaude Kanpezun, Bernedon eta Arraia-Maeztun; baita eskalada eskola bat ere, Apilanizen.

Hala eta guztiz ere, parkean egin daitekeen gauza deigarrienetako bat golfean jokatzea da. Golf zelai berezia da hangoa. Severiano Ballesteros golf jokalariak diseinatu zuen, eta hemezortzi zulo ditu, 98 hektareako lursail batean. Guztira, zazpi kilometroko ibilbidea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.