PROPOSAMENAK

Basoa eta harria

Arabako Izkiko parke naturalak hainbat aukera ditu bisitarientzat. Agin bidezidorra da ohiko ibilbideetako bat; guztira, zortzi kilometro ditu

Soila mendia, Izkiko parke naturalean. BERRIA.
unai etxenausia
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Baso mistoetan eta kareharrizko mendietan barna ibiltzeko aukera ematen du Izkiko parke naturalak (Araba). Parkera doan bisitariak hainbat ibilbide eta aukera ditu horretaz guztiaz gozatzeko. Halere, Agin bidezidorra izan ohi da parkean biltzen den biodibertsitatea kolpe batean ezagutzeko ohiko aukera. Korres (Araba) herritik abiatzen den ibilbide zirkularra da, zortzi kilometro ditu guztira, eta hiru ordu inguru behar dira ibilbidea egiteko.

Izkin galtzea aukera kontziente bat izan daitekeen arren, zuhaitzetan margoturiko borobil horiek gidatuko dute bisitaria denbora guztian. Halere, parkeko hamabost bidezidorrak maiz elkartzen dira, eta posible da bidez aldatzea.

Ibilbideari ekin, eta 2,6 kilometrotara dago lehen geltokia: Soila mendia. Baina, tontorrera iritsi aurretik, Soilako Begiarekin egingo du topo bisitariak: harkaitzean leiho natural batzuk dituen irekidura bat da, zuhaitz artean erdi ezkutatuta dagoena. Hartan sartu, metro gutxi batzuk jaitsi, eta aukera ematen du arku formako beste leiho batetik begiratuz inguruko herrixkak ikusteko.

Bide nagusira itzuli, eta segituan iritsiko da bisitaria Soilara, 990 metroko gailurrera. Putre eta arrano beltzen hegaldiak ikus daitezke. Argazkigintzaren zaleak egon ohi dira han, hegaztien hegaldien argazki bat lortzeko ahaleginean.

Beheranzko bidea hasi bezain laster, soka baten laguntzaz, zuhaitz artetik jaitsi beharra dago, metro gutxi batzuk. Ostean, bidezidorrak zuhaitz artetik jarraitzen du, Soila mendiaren paretak inguratuz. Bidean, mendemuga pasatu duten zuhaitzak aurki daitezke; ezkiak eta haginak dira berezienak.

Azkenik, bi aukera daude Antoñana (Araba) herritik datorren ibilbidearekin bat egiten duen bidegurutzera iristean: ibilbide zirkularretik Korresera itzultzea edo Antoñana bisitatzea.

Erdi Arora buelta

Bigarren aukera hautatu duena laster batean iritsiko da Antoñanara. Herri harresitua da, eta Monumentu izendatu zuten 1995ean. Hain zuzen, Nafarroako Antso VI.a Jakituna-k eraiki zuen XII. mendearen amaieran, Gaztelako erreinuaren erasoei aurre egiteko defentsa lerroa izan zedin.

Urteen poderioz herria aldatu den arren, eraikin gehienek garaiko arkitektura eta esentzia mantentzen dute. Horien artean aipatzekoa da Orgaz kondeen dorretxea, XIII. mendean eraikia.

Antzina defentsa toki estrategiko izan zen herria lasaitasunak garaitu du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.