PROPOSAMENAK

Urtegi handienari bira

Uribarri Ganboakoa da Arabako urtegirik ezagunenetako bat; bizikletaz edo oinez bira emateko aukera dago, Arratzua-Ubarrundia ezagutu ahala

Uribarri Ganboako urtegia, Garaiotik begiratuta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
1947an hasi ziren Uribarri Ganboako urtegia (Araba) eraikitzeko lehen lanak, eta horren inguruan dago Arratzua-Ubarrundia udalerria (Araba) ere. Egun, 11 herrik osatzen dute, baina urtegia eraiki aurretik, baziren beste hainbat. Hala ere, urpean gelditu ziren horietako batzuk, eta, ondorioz, baita memoria bera ere. Dena dela, egin dira saiakerak orduko garai horiek gogora ekartzeko, eta bisitariak badu hori ezagutzeko aukera, urtegiari bira emanez gero hainbat azalpen dituzten kartelak baitaude.

Urtegia oso-osorik inguratzen duen ibilbide bat egiteko aukera da gaurko proposamena, eta zenbait eratan egin daiteke: autoz, bizikletaz edo oinez. Horretarako, Landatik edo Garaiotik irten daiteke; ez dago galbiderik, ongi markatutako 43 kilometro inguruko ibilbide bat da. Badago Gasteiztik ateratzeko aukera ere, Vasco Navarro trenak egiten zuen ibilbideari jarraituta, baina, kasu horretan, hamabi kilometro gehiago egin beharko ditu urtegira iritsi nahi duenak.

Egun, urtegiak urez eta indarrez hornitzen ditu Bilbo, Gasteiz eta inguruko beste zenbait herri. Erreferentzia bihurtu da aisialdirako, baita kirolerako ere; besteak beste, ezaguna da bertan uretako kirolak egiteko aukera. Horrez gain, ibilbidean zehar bisitariak zenbait pasabide zeharkatzeko eta paisaiaz gozatzeko aukera ere izango du. Hegaztiak ikusi nahi dituenak, berriz, Mendixurko parke ornitologikoan izango du horretarako aukera. Are, bada urpean gelditutako eraikinen aztarnak ikusteko parada ere eremu batzuetan. Beraz, hamaika aukera ditu eskuragarri.

Urtegiaren erdialdean, Zuhatza uhartea dago, Untxien uhartea bezala ere ezagutzen dena animalia horien populazioagatik. Egun, Arabako Foru Aldundiarena da haren jabetza, eta etxolak daude bertaratu nahi dutenentzat. Hala ere, batez ere udalekuetarako dago prestatuta, uretako kirolez gozatzeko, eta erreserba egin behar da. Are, bertaratzeko ere barku bat hartu behar da.

Hondartzak ere badira

Itsas alboan egoten dira orokorrean hondartzak, baina badira beste era batekoak ere. Araban, esate baterako, Landa eta Garaio daude, urtegiaren bazter banatan kokatutakoak. Bainurako guneak dira, eta belaze zabalez inguratuta daude; areago, sorospen zerbitzua ere egoten da udan, eta aukera bikaina da eguna igarotzera joateko. Hala ere, eguraldi ona eginez gero, eta autoz joateko asmoa izanez gero, goizeko lehen orduetan joatea komeni da, azkar betetzen baita ingurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.