Udazkeneko feria Elizondon

Denentzako eskaintza

Gaur eta bihar eginen dute udazkeneko feria Elizondon. Arratsaldean egin ohi zen kirol proba goizera aldatu dute, jende gehiago erakartzeko
Saltzaile bat tratuan, udaberriko azokan.
Saltzaile bat tratuan, udaberriko azokan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Ainhoa Larretxea Agirre -

2018ko urriak 26
Urtean bitan egiten dute feria Elizondon (Nafarroa); apirilaren 6an egin zuten udaberriko feria, eta gaur eta bihar eginen dute udazkenekoa. Egun garrantzitsuak izaten dira Elizondo eta inguruko herrientzat, eta, urteroko ohiturari jarraituz, jendez eta salgaiz beteko dira Elizondoko karrikak.

Bi eguneko feria izanagatik, gaurkoa izaten da jende gehien biltzen duena, eta egunik garrantzitsuena. Goizean goizetik hasita, nekazaritzako tresneriaren erakusketa egonen da ikusgai frontoi kanpoaldean. Merkatu Plazan, berriz, abereen erakusketa izanen da. Azken ekitaldi horrek biltzen du jende gehien, eta feriaren bihotza izaten da.

Garai batean urte luzez galdua izan bazen ere, urteak dira animalien erakusketa berreskuratu zutela, eta, Alazne Sansiñena Elizondoko alkateak kontatu duenez, 400 abelburu inguru izanen dira ikusgai aurten. Sansiñenak kontatu du animalien erakusketa izaten dela berez; hala ere, nabarmendu du, jende anitz biltzen denez, batzuetan tratuak ere egiten direla: «Gu ez gara horretan sartzen, hori animalien jabeen gauza izaten da. Hala ere, pentsatzen dut traturen bat izanen dela». Inguruko baserrietako zaldiak, astoak, ardiak, behiak eta ahuntzak eramango dituzte Elizondora Baztango baserritarrek.

Besta giroa ez da Merkatu Plazan bakarrik izango, herriko karriketan 200 saltoki inguru izanen baitira egun guztian. Urtetik urtera, gainera, jende gehiago ibiltzen da postu horietan. Barazkiak, arropak, oinetakoak, sukaldeko tresnak eta bertze hainbertze gauza erosteko aukera egonen da Elizondoko karriketan jarritako saltokietan. Eskulangileak ere bertaratuko dira, eta anitzek, beren produktuak saltzeaz gain, nola ekoizten dituzten ere erakutsiko dute.

Aurtengo Elizondoko feriak aurreko urteetakoaren antzeko egitaraua izanen du. Hala ere, Sansiñenak nabarmendu duenez, orain arte arratsaldean egiten zen kirol erakustaldia aurten goizean egitea erabaki dute: «Aurreko urteetan, arratsaldean izaten ziren pilota partida eta aizkolariak, eta ez ziren oso arrakastatsuak izaten». Jende gehiago biltzeko asmoz, aurten goizean eginen dute herri kirol desafioa: «Goizean, animalien erakusketa dela eta, jende gehiago ibiltzen da, eta espero dugu bertaratzea».

Ingude altxatzeko, txinga eroateko eta lokotx biltzeko apustua antolatu dute aurtengorako. Nafarroako txapelduna bi elizondotarren kontra lehiatuko da, 12:30ean hasita, Iriarte frontoian. Gainera, goiz guztian haurrentzako puzgarriak egongo dira, eta arrain jokoa eginen dute Juliko aparkalekuan.

Bihar, 'atsoferie'

Gaurkoa da feria egunetan arrakasta handiena izaten duen eguna. Bihar, Baztanen Atsoferie deitzen dioten azoka eginen dute. Gaur irekita dauden postuak berriro irekiko dituzte, eta anitzek deskontuak eskainiko dituzte beren produktuetan. Beraz, gaur postuetan ikusitakoa bihar merkeago erosteko aukera izanen du Elizondora bertaratzen denak.

Elizondokoa izanen da inguruan eginen den lehen udazkeneko feria, baina, hemendik aste gutxitara, Donezteben eta Lesakan ere izanen dira azokak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna