Elizondoko feriak

Larrazken giroko feria

Aziendak izango dira gaurko protagonistak Elizondoko azokan. Bihar, Nafarroako sokatira txapelketako kanporaketa izanen da frontoian

Jendea aziendei begira, iazko ferian. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Aziendak larretik plazara ateratzeko eguna izanen da gaur Elizondon (Nafarroa). Larrazkeneko ferietako lehen eguna dute gaurkoa, eta aziendak izango dira eguneko protagonista nagusiak. Azienden erakusketaz gain, 150 postutik goiti izanen dira karriketan, eta nekazaritzako lan tresnak ikusteko aukera ere izanen da. Bihar, berriz, ez da aziendarik izanen, baina saltokiak irekita egongo dira. Bi egunetan Elizondoko karrikak mukuru betetzea espero dute antolatzaileek.

Alazne Sansiñena Elizondokoalkatearentzat, aziendak feria eremura sartzen diren unea da eguneko momenturik magikoenetako bat: «10:30 aldean sartuko dira aziendak. Batzuek egunean bertan ekartzen dituzte aziendak; bertze batzuek Elizondo hurbileko belategietara eramaten dituzte. Goizean, azienda guzia batera sartzen da Merkatu zelaian; arras polita izaten da, ikusgarria», kontatu du Sansiñenak. Aurten, Baztango hainbat txokotako 100 abelburutik goiti espero dituzte.

Aziendak ikustez gain, bertze zereginik ere izanen da Elizondon. 13:00etan, uhalgintza erakustaldia izanen da merkatu zelaian. Sansiñenak kontatu duenez, Kataluniatik etorritako uhalgile batek eginen du, eta larrua nola lantzen duen ikusten ahalko dute joango diren herritarrek. Handik metro gutxira, merkatu zelai pareko frontoiaren kanpoaldean, nekazaritzako tresnerien erakusketa egonen da goiz guztian ikusgarri.

Salmenta posturik ere ez da faltako. Herriko karriketan, 180 postutik goiti izanen dira, gaur hasi eta bihar iluntzera arte. Kanpotik bertaratutako saltzaileez gain, herriko dendek ere ateak ireki eta salgaiak karrikara aterako dituzte. Bihar, gainera, saltoki batzuek merkeago eskainiko dituzte produktu batzuk. Gaur espero dute jendetzarik handiena, baina Sansiñenak uste du bihar ere jendea bertaratuko dela.

Herri kirolak, bihar

Eguneko ekintzez gain, gauean ere zer egina egonen da Elizondon. Elizondoko gaztetxea arratsaldeko seietan irekiko dute, eta kontzertuak antolatu dituzte: 23:00etan hasita, S.M.O.G eta Mihise taldeen kontzertua izanen da, eta, kontzertuen ondotik, Tirri & Tery DJak girotuko du gaztetxea.

Herriko ostatuetan ere kontzertuak izanen dira. Egunean bezala, gauean ere giro ona izanen dela espero du Sansiñenak: «Gauean ere giro polita izaten da, inguruko jende anitzek du bertaratzeko ohitura».

Herri kirolak izaten dira ferietako bertze protagonistetako bat. Bihar eginen dute ohiko erakustaldia. «Aurten sokatirako txapelketa Elizondon egitea proposatu ziguten. Ezinezkoa zen ortziralean izatea, eta, horregatik, bihar izanen da», kontatu du Sansiñenak. Goma Gaineko Nafarroako Sokatira Txapelketako bigarren kanporaketa da jokatuko dutena. Gizonezko eta emakumezko sokatiralariak ariko dira: 600 kilotan Beti-Gazte, Berriozar, Antsoain eta Txantreako gizonezkoak; eta 520 kilotan, Beti-Gazte, Antsoain eta Txantreako emakumezkoak. «Lesakako Beti-Gazte taldea arituko da, eta, eskualdekoa denez, jendea erakarriko duela pentsatzen dugu», nabarmendu du Sansiñenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.