PROPOSAMENAK

Senpereko aintzirarat

Osagarri krisiak krisi, aintziraz gozatu ahalko da uda osoan. Usaiako aktibitateak praktika daitezke; haatik, ekitaldirik ez da izanen

Aintzirako hondartzatik abiatzen dira pedalontziak. SENPEREKO HERRIKO ETXEA.
Ainize Madariaga
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«Herri Urratsez harro garenez, Senperera gaki ge» kantatzen dute Diabolo Kiwi taldeko musikariek. Irailera gibelatu du ikastolen aldeko besta COVID-19ak. Baina, aitzin, aintzirak eginen die batzarri udako bisitariei, birusari izkin eginez.

Hiru kilometroko xendra batek inguratzen du aintzira, eta bertan oinez edo bizikletaz kurritzeko parada bada, urte osoan.

Haatik, udako aro eztiak egitaraua osatu du: urean abusatu nahi duenarendako zernahi eskaintza baitakar. Hori bai: osagarri krisiak baldintzaturik.

Iragan larunbataz geroztik, bainuak zaintzen dituzte sorosleek, zeintzuek agorrilaren 30a arte iraunen baitute; 11:00etatik 18:30era, hain zuzen ere. Bainuaz harago, kirol amiñi bat egin nahi duenak hauta badu: kayakean ibiltzen ahalko baita, pedalontzian, arraun surfean, arraun surf XXLan, bai tenisean aritu ere. Ekintza horiek denak ordainduz dira.

Senpereko Herriko Etxeak du kudeatzen zilborrean ura duenaisia gunea: «Osagarri krisiaren ondorioz, aurtengo udan ez dugu neholako ekitaldirik programatu aintziran», xehatu du Anais Camou komunikazio arduradunak. Hargatik ere, erabilera bakoitzetik landa mailegatua izan den material oro desinfektatuko dute.

Bertaratzen den euskaldunak tratu normala ukanen du; hala du segurtatu Camouk: «Aisia guneak harrera euskaraz ere proposatzen du».

Herriko etxeak kudeatzen duenaz kanpo, Aquazone ur gaineko hiri puzgarria adrenalina eta irri karkaila eragile da. Usaiako azalera erdira murriztu behar izan dute aurtengo egoerak hartara beharturik. Hala ere, «tranpolinak, txirrista erraldoia, trapezioa, molekula itxurako egitura eta katapulta erraldoia ditugu aurten: arras osoa da!», erran du Henri Charlet gerenteak.

Asteartean ezarri zuten martxan Aquazone, eta irailaren lehenera arte izanen da zabalik; osagarri neurri berriak aplikatu behar izan dituzte: «Noranahi libreki mugitu ordez, zentzu bakarrean ibili beharko da jendea; usaian 200 lagunek batean parte hartzen ahal zuten, baina orain erdiek baizik ez, eta jakak aldikal desinfektatu behar ditugu».

Berak euskaraz oraino ez badaki ere parkeko langileek badakitela azpimarratu du Charletek, «hiruk bederen bai».

Egun guziez 11:00etatik 19:00etara zabalik izanen da. Hauek dira prezioak: 8 euro orena, 12 euro bi oren edo 25 euro egun osoa.

Informazio haboro honako helbide honetan: https://saintpeesurnivelle.fr/.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.