PROPOSAMENAK

Mugako historiak

Xoldoko gaineko lakua, bunkerrak, mairu baratzeak, bentak eta Lapurdiko kostaldeko ikuspegi ederra biltzen ditu Ibardingo mendateak

BOB EDME.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal kostaldetik burua altxatzen duen Pirinioetako lehenbiziko mendatea da Ibardin. Haren magalean dira Urruña, Azkaine (Lapurdi) eta Bera (Nafarroa), baita Ibardingo bentak ere. Udan mendi itzulia egiteko toki aproposa izan daiteke: basoetan barna eta Xoldoko gaineko aintziraren freskoan ibili, edo Ibardingo historia ezagutu mairu baratzeak eta bunkerrak bisitatuz.

Nafarroa eta Lapurdiren arteko muga da Ibardin; horregatik, inguru horretan pilatzen dira bentak. Jendearen joan-etorria handia izaten da; hala izan da pandemiak jo aurretik, behinik behin. Baina, bentetara ez ezik, inguruetan ibiltzera joatea ere plan polita izan liteke. Xoldoko gaineko aintzira da horietako bat; batzuek Ibardingo lakua ere deitzen diote.

Aintzirara joateko, Ibardingo bentetan dagoen informazio gunetik abiatzen da ibilbidea. Handik hurbil aparkaleku nagusia dago. Ibilbidea erraza eta erosoa da, 5,9 kilometrokoa, eta ordu bat eta hiru laurden behar dira osatzeko. Kontuan izan hango ura edateko erabiltzen dela, beraz, ezin da bainurik hartu.

Bunkerrak eta harrespilak

Ibardin inguruan beste hiru bide erraz badira: mairu baratzeena, Larhun ingurukoa eta bunkerrena. Harrespilak ikusteko, Ibardingo merkataritza gunearen goiko aparkalekutik abiatu behar da. Berehala Xoldoko gaineko lakua ikusteko aukera dago beheko aldean. Aurrerago jarraituta, zortzigarren mugarrian, behatoki ederra dago: Txingudiko badiaren eta euskal kostaldearen ikuspegi panoramikoa. Handik Donibane Lohizune, Miarritze eta Baiona (Lapurdi) ikus litezke, eta, egun garbia badago, Landetako hondartza luzeak ere bai.

Ibilbidearen bukaeran, Manddale gainerako bidean, Napoleonen gudaldietako lubakiak ikus litezke, eta jaitsitakoan, mairu baratzeak daude, Jose Miguel Barandiaranek 1952. urtean aurkitutako ondarea. Ibilbide hori lau kilometrokoa da, eta hori egiteko ordu eta laurden behar da.

Historia ezagutzen jarraitu nahi duenak, bunkerren bidea egin dezake. 5,25 kilometroko bidea da, bi orduan egin daitekeena. Okalarre jatetxea aitzinean izanda, ezkerrera hartuta abiatzen da ibilbidea. Adi ibili behar da, bunker batzuk ongi gordeak baitaude. Bada ur tratamendurako erabiltzen den bat ere.

Azkenik, Larhun eta Nafarroako Pirinio aldera dauden ikuspegi panoramikoez gozatzeko bidea Ibardingo behealdean hasten da: Berako bideari segitu eta berehala dagoen bidegurutzean ezkerreko bidea hartuta. Hiru kilometroko bidea 50 minutuan egin liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.