PROPOSAMENAK

Hendaia irri pindarrez

Pirotekniak, zirkuak eta pailazoek hartuko dute Hendaia. Bihartik igandera bitarte ospatuko dute 'Hendaiak uda ospatzen du' festibala

Hendaiak uda ospatzen du iazko festibala. HENDAIAKO TURISMO BULEGOA.
Ainize Madariaga
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hendaiak (Lapurdi) bihar abiatuko du Hendaiak uda ospatzen du festibala. Udaren berotasuna taula gaineraino iganen da suzko zernahi ikusgarri eskainiz.

Hala ere, koronabirusak egun bat kiskali die: «Zortzigarren aldia da hau, hiru egunekoa izanen da, eta usaian lau egunekoa izaten da», azaldu du Intza Gonzalez turismo bulegoko langileak. Hiru egunetan 11:30ean hasiko dira lehen ekitaldiak, Palmera biribilgunean, 45 minutuz; arratsaldeko animazioek, berriz, Bidasoa zabalgunera eginen dute salto, bi ikusgarri emateko 20:30ean eta 22:30ean, oren erdi luzekoak biak.

Espektakulu guziak Hendaiako Turismo eta Merkataritzak urririk eskaintzen ditu, alta, lehenagotik erreserbatu beharra da.

Moriati Vinilo Show-ak abiatuko du bihar goizean Hendaiak uda ospatzen du, pailazo bakarlaria. Arratsean, berriz, La Maquina y Yo zirkuak emanen dio lehenik segida, eta, Roule Maboulek azkenik; pirotekniarekin bukatzeko.

Etzi, Clap III goizez, eta arratsez, The Show must go on! zirku eta pailazokeriek hartuko dute plaza, eta Avalone pirotekniak eguna zerratuko du. Etzidamu, The taste of Vaudeville zirku eta pailazoak ariko dira goizean, eta Elyseum suek emanen diote amaiera festibalari, 22:30ean.

Suak berdintzen handi tipiak

Publiko ororen begi gozagarri izanen dira hiru egunak, Gonzalezen arabera: «Espektakulu gehienak mimoekin komunikatzen dute, hitz guttirekin, poesiaz beterik. Horren ondorioz, publiko zabalak parte har lezake: ttipi nola handi».

Emanaldien mututasunak estaliko du euskararen ezjakintasuna, talde guziak nazioartekoak baitira: «Gehienak Frantziatik etorriko dira», baina baita Bretainiatik —Cercle de feu (Avalone)— Belgikatik —Pyronix konpainia— eta Londrestik ere —Thelmo Parole—.

Osagarri egoerak hala manaturik, festibala egokitu dute, eta ohiz kanpoko tokietara hedatu dute; ikusleen kopurua mugatze aldera: «Palmera itzulgunean goizeko espektakuluentzat; 50 leku gehienik, eta Bidasoa zelaigunean, gaueko espektakuluentzat, 300 leku gehienik. Beste aldietan hondartzan egiten ziren prospektibak, baina lekuak ezin izango ziratekeen murriztu».

Leku publiko orotan bezala, maskara derrigorrezkoa izanen da sartzeko, baina, behin eserita, kentzen ahalko da.

Informazio haboro eskuratzeko eta lekuak erreserbatzeko sar webgune honetan: www.hendaye-tourisme.fr.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.