PROPOSAMENAK

Historian nabigatuz

Albaola Itsas Kultur Faktoria euskal itsas teknologia berreskuratzeko espazio bat da. 'San Juan' baleontzia berreraikitzen ari dira

Haur talde bat Albola bisitatzen. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Pasai San Pedron (Gipuzkoa) dago Albaola Itsas Kultur Faktoria, zurezko ontzigintzaren historiaren museoa. Euskal itsas teknologia berreskuratzeko bide bat da, bai eta horri dagokion balioa emateko sortu den espazioa ere, eta itsasontzi historikoen eraikuntza da museoaren jardueren ardatza. Bisitari ororentzat dago zabalik, eta «unibertso itsastarrean» murgiltzeko askotariko jarduerak eskaintzen ditu.

XX. mende amaieran, San Juan euskal itsasontziaren hondarrak aurkitu zituzten; 1565ean hondoratu zen. Haren omenez, Kanadako Gobernuaren laguntzaz, Albaola Itsas Kultur Faktoria San Juan baleontziaren beraren erreplika eraikitzen ari da jendaurrean, 2013az geroztik. Garaiko teknikak erabilita, arotzek bertan lantzen dute zura, eta, hala, San Juan baleontziari bigarren bizitza bat ematen. Beraz, XVI. mendeko baleontzi hark Europa eta Amerika batzen zituen moduan, San Juan baleontziak ere bi herrialde horiek batuko ditu.

1978an, Ternuako (Kanada) ur hotzetan, Euskal itsasontzi baten hondakinak aurkitu zituzten. Sasoi hartako Gipuzkoako agiri zaharrei esker, jakin zuten hondakinok San Juan baleontziarenak zirela, zeina ekaitz baten ondorioz hondoratu zen. Arkeologoen harrigarri, hainbeste mende igaro ondoren, nahiko egoera onean aurkitu zituzten baleontziaren egurrak, harri eta sedimentu geruza lodi batez estalita. Uraren tenperatura hotzagatik etaegituraren zati handi bat oxigenorik gabeko inguru batean zegoelako mantendu zen zura hain ondo.

Albaolan itsasontzia berreraikitzeko egiten ari diren lana bertatik bertara ikus daiteke. Hara iristeko bidean lanetan daudenez, bisitariak Trintxerpen itsasontzia hartuta ekingo dio ikustaldiari. Itsasketaldia amaitutakoan, Albaolara iritsi, eta euskal baleazaleen historia ezagutzeko erakusketa bisitatuko du.

Pandemiak baldintzatuta

Hurrena, ikusleak ontzigintzako erakustaldia bisitatuko du, eta Albaolako arotzek erreminta tradizionalekin egurra nola lantzen duten ikusteko aukera izango du. San Juan baleontziaren eraikuntza izango du azkenik ikusgai.

Udan, ostegun goizetan, ostiraletan, museoa larunbatetan eta igandetan egongo da zabalik. Gainera, koronabirusaren eraginez, zenbait segurtasun neurri ezarri dituzte: edukiera aldez aurreko erreserben bidez kontrolatuko da; bisitarien arteko distantziak mantendu beharko dira; eta gel hidroalkoholikoa eta maskarak erabiltzea derrigorrezko baldintzak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.