PROPOSAMENAK

Bakea eta memoria

Gernikako Bakearen museoak herriko historiari buruzko erakusketak eskaintzen ditu. Ibilbide gidatuak ere prestatu dituzte Gernikan zehar

Gernikako Bakearen museoa. OIHANA CABELLO / BUSTURIALDEKO HITZA.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
36ko gerrak Euskal Herrian utzitako arrastoa ezabaezina da. 80 urte baino gehiago igaro badira ere, bada Gernika-Lumoko (Bizkaia) biztanleek ahaztu ezin duten data bat: 1937ko apirilaren 26a. Herri oso bat suntsitu zuen bonbardaketak, baina ez du bertakoen memoria suntsitzea lortu. Memoria hori mantendu eta zabaltzeko jarri zuten martxan Gernikako Bakearen museoa.

1998an ireki zuten Gernikako museoa, baina handik urtebetera lanak egiteko itxi behar izan zuten. 2003an zabaldu zuten berriro, izenean aldaketa bat zuela: Gernikako Bakearen Museoa. Herriaren erdigunean dago, Foru plazan, hain zuzen ere. Bakearen eta kulturaren oinarrizko ideiak sustatzea eta Gernika-Lumoren historia iraunaraztea du helburu.

Erakusketa iraunkorrak eta aldi baterakoak ditu egun museoak. Iraunkorrak historia eta bakea lantzen ditu, bonbardaketan oinarrituta. Horrez gain, giza eskubideei buruzko hausnarketa ere ageri da erakusketa horretan.Bestalde, urte amaierara arte bisitatu ahal izango den beste erakusketa bat ere badago: Oroimenerako binetak. Bertan, gerra garaian Bilboko egunkarietan argitaratutako binetak ikus daitezke, hiru gai nagusitan banatuta: bonbardaketa, eguneroko bizitza eta nazioarteko egoera.

Museoan 36ko gerra eta bonbardaketa jasan zuten pertsonen testigantzak entzuteko aukera dago. «Ez da gauza bera orokorrean hitz egitea edo pertsona baten ahotik berak bizi izandakoa entzutea», azaldu du Andrea Lopez museoko langileak.

Gernikako bonbardaketari buruzko dokumentazio zentroa museoaren parte da, eta gertakariari buruzko dokumentazio guztia biltzea, gordetzea, ikertzea eta zabaltzea da bere funtzioa. Lopezek adierazi duenez, «memoria mantendu eta atera beharra dago; kontu asko alfonbraren azpian geratzen dira, eta guk hori saihestu behar dugu».

Koronabirusa dela eta, museo barruan oraingoz ez dute bisita gidaturik ematen. Edukiera mugatua duenez, hamar minutuan behin zortzi pertsona sar daitezke. Lopezek azaldu du museoa bisitatzeko ordubete behar dela.

'Memoritour', Gernikan

Ondare sinboliko, historiko eta kulturala aztertzeko, Bakearen Museoak ibilbide gidatuak eskaintzen ditu: Memoritour Gernika. Lau ibilbide daude: babesleku antiaereoak; berreraikuntza; monumentuak eta memoria; eta Picasso eta Gernika. Ibilbide bat egin nahi izanez gero, beharrezkoa da aldez aurretik erreserba egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.