PROPOSAMENAK

Gerra osteko aztarnak

1940ko hamarkadan, Francok agindu zuen bunker bat eraikitzeko Gorlizen. Bunkerrarekin batera, itsasargi bat dago Billao lurmuturrean

Gorlizen gelditzen den kanoia. GORLIZKO TURISMO BULEGOA.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenaren ondoren, Franco beldur zen bere aurka ere egingo ote zuten. Horregatik, defentsa lerro oso bat sortzea agindu zuen. Gorlizen (Bizkaia) egin zuen lerro horren zati bat, 1940ko hamarkadan.

«Askok uste dute Gorlizko bunkerra 36ko gerran sortu zela, baina ez da horrela: ondoren sortu zen, inoiz ailegatu ez ziren erasoak saihesteko asmoz», argitu du Nerea Goiri Gorlizko turismo teknikariak. Bunkerrean hormigoizko hiru kanoi egon ziren; horietatik bakar bat dago gaur egun. Hala ere, kanoiak konektatzen zituen lur azpiko galeriako sarea ere hor dago.

Bunkerra Billao lurmuturrean dago kokatuta, Gorlizko itsasargiaren ondoan. 1990ean eraikitako itsasargia Kantauri isurialdeko itsasargirik garaiena da; hots, itsasotik 165 metrora dago, eta 21 metro garai da. Goirik nabarmendu du itsasargiak «bitxikeria» bat duela: «Itsasargi guztiek kokatuta dauden lurmuturraren izena hartzen dute, baina Galizian badago Billao lurmuturrean kokatuta dagoen itsasargi bat, hau baino zaharragoa dena. Gaizki-ulerturik ez egoteko, Gorlizko itsasargiak herriaren izena hartu zuen».

Hondartzatik itsasargira

Hainbat modu daude Gorlizko itsasargira ailegatzeko. Hondartzatik igo nahi izanez gero, bi ibilbide daude. Astondoko hondartzaren amaieran dauden eskailerak igota, kostaldeko ibilbidea dago. Hiru kilometro inguruko bidea da, eta XVIII. mendean eraikitako Azkorriaga gotorlekuaren aztarnetatik igarotzen da. Gotorlekuak Gaztelutxo izena ere hartzen du. Kilometro bat motzagoa den bidea Gorlizko Foru Abeletxearen sarreran hasten da, ospitalearen ondoan. Asfaltozko bide horretan, oreinak, pottokak eta behiak ikus daitezke. Kostako bidea zein asfaltozko bidea egin, azken bide zatia bera da, eta azken metro horiek arriskutsuak izan daitezkeela azaldu du Goirik: «Haizeteak baldin badaude, kontuz ibili beharra dago. Seinale bat dago bertan, luiziak gertatu daitezkeela gogorarazteko; istripurik ez gertatzea da asmoa. Halere, jendea arazo barik igarotzen da».

Ibilbidea luzatu nahi izanez gero, itsasargitik hamabost minutura Ermua mendia (289 metro) dago. Inguruko herritar askok Ermua mendia igaro eta Armintzara heltzeko ohitura dute, hango portuan bainu bat hartzeko. Sei kilometro daude itsasargitik Armintzara. Goirik gomendatu du, bisitariek edozein ibilbide egin nahi dutela ere, «arropa eta zapata erosoak janzteko eta ura eramateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.