PROPOSAMENAK

Bira berde bat hiriari

Gasteizko Eraztun Berdeak hiriaren inguruko hainbat naturgune elkartzen ditu. Askotariko giroak zeharkatzen ditu ibilbideak

Eraztun Berdearen zati bat. JUANAN RUIZ / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
1990eko hamarkadan, Gasteiz inguratzen zuten naturguneen iraupena kolokan zegoen, industrialdeek isurtzen zituzten hondakinen, zabortegien eta legar hodien ondorioz. Egoera konpontzeko jarri zuten martxan Gasteizko hiria inguratuko zuen eraztun berde bat sortzeko proiektua. Horrela, hiria inguratzen duten gune berdeen sare bat sortu zen, gaur egun 30,8 kilometroko ibilbide zirkularra bihurtu dena. Gune askoren sare gisa sortu zenez, askotariko giroak zeharkatzen ditu ibilbideak, eta, gainera, hiriko edozein lekutatik erraz heldu daiteke Eraztun Berdera. Era berean, gainontzeko naturguneetara joateko bideak har daitezke, edo baita horietatikat geratzen diren bestelako ibilbide batzuk ere. Besteak beste, Vasco- Navarro trenbide zaharreko ibilbidera heldu daiteke. Trenbidea 1967. urtean itxi zuten, eta orain ibilbide zikloturistiko moduan erabiltzen da.

Ibilbidea Salburuan hastea da gomendagarriena; izan ere, han dago Ataria. Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa da, eta behatoki goratu bat dauka. Informazioa ematen gain, denetariko ekintzak eskaintzen dituzte; ikastaroak eta umeentzako jarduerak. Gero, Zadorrako norabidea har daiteke, Zabalgana, Armentia eta Olarizutik igaroz, berriro Salburuan bukatzeko. Ibilbide horretan guztian, ingurumen eta kultur intereseko leku ugari ikusteko aukera dago; baita atseden hartzeko zenbait gune, iturri eta behatoki ere. Zadorrako parkera heltzean, besteak beste, Atxako aztarnategi arkeologikoa ikus daiteke. II. Burdin Aroko herrixka bat izan zen, eta ondoren kanpamentu militar erromatar batek hartu zuen leku bertan.

Aurrera jarraituz gero, Zabalganeko erkametzen basora iritsi daiteke, eta baita Zabalgana eta Lezea urmaeletara ere. Lehena legar ustiaketa zaharra berriztatzeko sortu zuten, eta bigarrena erabiltzen ez zuten antzinako nekazaritza urmael bat zen. Gaur egun, bietan uretako habitat aberatsa dago. Aipatzekoa da, gainera, ibilbide guztian zehar askotariko animaliak ikus daitezkeela.

Azkenik, Salburura heldu baino lehen, Olarizuko parkea aurki daiteke. Hango 30 hektareetan,523 espezie biltzen dituen Olarizuko lorategi botanikoa dago; aintzirak eta behatokia ere badira. Bertako etxaldea 1927. urtean eraiki zuten, baina 1987. urtera arte biltoki moduan erabili zuten; 1995. urtean, Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegien egoitza eta Eraztun Berdearen heziketa eta informazio gune nagusietakoa bihurtu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.