PROPOSAMENAK

Soinuen txokoa

Soinuenea herri musikari buruzko museoa da. Hainbat garaitako 400 musika instrumentutik gora aurkituko ditu bertan bisitariak

Soinuenean herri musikako instrumentu ugari daude. MENDI URRUZUNO.
Miren Mujika Telleria.
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Oiartzunen (Gipuzkoa) dago Soinuenea, herri musika-tresnen museoa. Erakusketan, Euskal Herriko nahiz munduko kontinente guztietako 400 tresnatik gora daude ikusgai, eta beste mila dituzte biltegian. Pandemiaren egoerara ere moldatu da museoa, eta, segurtasun neurriei jarraituz, asteartetik larunbatera ateak zabalik aurkituko ditu musikaren tradizioaz gozatu nahi duen bisitari orok.

Juan Mari Beltran musikari eta musikologoak (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1947) sustatu zuen musika tresnen txoko hori; bere bizialdi guztian bilduz joan den herri musikari buruzko materialarekin osatu du. 1996. urteko urtarrilean jarri zen martxan gaur egun Soinuenea izena hartu duen tokia, Beltranek Oiartzungo Udalarekin eginiko akordio batek horretarako aukera emanda. Hitzarmen horri esker,Oiartzungo Ergoien auzoko eskola publikoa izandako eraikinean apalategi zabal bat eskaini zieten Beltranek bildutakomusika tresna horiei guztiei. Material hori sailkatu eta artxibatzeko, milaka fitxa egin ziren liburutegi, fonoteka, irudi artxibo eta soinu tresnen datu baseetan, eta, gaur egun, dokumentu horiek kontsultatzekoaukera dago Soinuenearen webgunean bertan —www.soinuenea.eus—.

Proiektua aurrera eramateko egindako lanari esker, 2002. urteko martxoaren 1ean ireki zuten Soinuenea, eta zabalik dago orduz geroztik. Bide emankor eta arrakastatsua izan du harrezkero museoak: 30.000 bisitaritik gora bertaratu dira; ehunka kontsulta egin ditu jendeak; webgunean 150.000 bisita baino gehiago jaso dituzte... Beraz, egindako lanak bere fruituak eman ditu. Musika tresna ugariren erakusleiho izateaz gain, Euskal Herriko kultura eta herri musika hartzaile ororen eskuetan jartzea du helburu museoak, era didaktiko, ulergarri eta entretenigarrian jarri ere. Gainera, ikastetxeetako eta musika eskoletako ikasleei musika klase teoriko, praktiko eta aktiboak eskaintzen dizkie museo horrek, beren musika ikasketen osagarri gisa.

Pandemiaren eragina

Soinueneak ere errespetatuko ditu pandemiak iraun bitartean osasun agintariek ezarritako neurriak. Aurrez hitzartu beharko dira bisita gidatuak; lau eta hamar bitarteko taldeak izango dira bisitok, eta, hala, pertsonen arteko distantziak ondo zaintzeko modua izango da.

Herri musikaren inguruko museoan bisita gidatuak egiteko bi ordu egongo dira aukeran: 11:30ean eta 16:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.