PROPOSAMENAK

Parkea baino gehiago

Gorbeiako parke naturalak paisaiaz gozatzeko hainbat aukera ematen ditu. Kanpotik ez ezik, barrutik ere ezagutu daiteke eremua

Goroldioak hartua duen zuhaitz baten enborra, Gorbeian. RAUL BOGAJO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Gorbeia parke naturala baino gehiago da: inguruko herrien ondareaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera ere badago». Iker Atxa Orozkoko (Bizkaia) Gorbeialdeko turismo bulegoko informazio teknikaria da. Nahiz eta parke naturalaren ikurra Gorbeia mendiaren tontorra izan, lekuaz gozatzeko beste hainbat aukera daudela adierazi du. Izan ere, parke naturalak inguruko hainbat herri hartzen ditu kontuan.

Bizkaia eta Araba arteko mugan dago Gorbeia, eta bi lurraldeetako mendirik altuena da; 1.482 metro garai da. Gorbeiari identifikazioa ematen dion gurutzea du tontorrean; XIX.mendeari agur esateko eta XX. mendeari ongietorria emateko sortu zuten. 1907an eraikitako gurutzea, hala ere, ez da bertan egon zen lehenengoa. Mende hasieran beste bi eraiki zituzten, baina biak erori egin ziren. Hainbat aisialdi guneetatik atera daiteke gurutzera ailegatzeko. Besteak beste, Pagomakurretik (Areatza, Bizkaia), Sarriatik (Araba) eta Zaratetik (Araba). Atxaren hitzetan, aldapari dagokionez Zaratetik egindako bidea da errazena. Gurutzera heltzeko denbora ordu eta erdi eta hiru ordu eta erdi bitartekoa da.

Tontorrera ailegatzea, baina, ez da Gorbeiako parke naturalean egin daitekeen gauza bakarra. Izan ere, hango paisaiaz gozatzeko beste hamaika aukera daude. Inguruko herriak eta guneak ezagutzeko, oinez egiteko ibilaldiez gainera, autoz edo bizikletaz egiteko bideak daude. Horrez gain, kirola egiteko aukera ematen du Gorbeiak; besteak beste, yoga, parapentea, kayak edo zuhaitzetan zehar ibiltzeko abentura parkea. «Mendiko jarduerez gain, asko dago inguru honetan ikusteko eta disfrutatzeko», azaldu du Atxak. Inguruko herrietan museoak bisitatu daitezke; Sarrian eta Areatzan interpretazio zentroak daude, adibidez. Gainera, bainuetxeez gozatzeko aukera ere badago.

Gorbeia barnealdetik

Kanpotik ikusi ezin daitekeena ezagutzeko, Gorbeiako barnealdera murgildu beharra dago. Horretarako aproposak dira Baltzola eta Mairuelegorreta leizeak. Baltzola leizea Diman (Bizkaia) dago; Jentilzubi harrizko zubi natural baten alboan. Kondairak dioenez, zubia jentilek sortu zuten, bertatik igarotzeko. Leizea Mariren bizilekua dela esaten du kondaira batek; baina, egia esan, ez dago argi norena den; beste kondaira batek dio Mikelatsena dela, eta beste batek, berriz, Sugoirena. Mairuelegorreta leizea ere Mariren bizileku bat omen da. Zigoitian (Araba) dago leize zulo hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.