PROPOSAMENAK

Naturaren atarian

Gasteiz inguratzen duten hezeguneetako interpretazio zentroa da Ataria. Behatokiaz gozatzeaz gain, hainbat jarduera egin daitezke

Atariko behatoki goratua. RAUL BOGAJO / FOKU.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Gasteizko ekialdean dago Salburua parkea. Bertako urmael ederrek, eta, batez ere, ingurune hori etxetzat duten faunak eta florak ezaugarritzen dute tokia. Bi urmael nagusi daude: Arkauti eta BetoƱu. Horiez gain, larre ugarik eta harizti txiki batek osatzen dute parkea.

Salburura ostera bat egitera doanak, ordea, laster jarriko du arreta ezohiko eraikin batean. Urmaelen gainetik luzatzen den kristalezko pasabide bat dauka eraikinak, eta, bertatik, aintziretara ez ezik, Gasteizko mendietara ere ikuspegi paregabea dago. Hain zuzen, Salburuko hezeguneen interpretazio zentroa da eraikina, eta Ataria du izena. Hezeguneen gaineko ezagutza zabaltzeko eta haien balio naturala erakusteko sortu zen Ataria, baina gaur egun biodibertsitatearen inguruko mota guztietako jarduerak hartzen ditu: aisialdia, interpretazioa, dibulgazioa eta ikerketa, besteak beste.

Horrez gain, Gasteiz osoko biodibertsitatearen eta natur ondarearen hedapena ere bere gain hartzen du. Atarian, gainera, adin eta gustu guztietarako jarduerak egiteko aukera dago. Urmael nagusiak inguratzen dituzten ibilbideak egiteko bizikletak edo scooterrak alokatzea da aukeretako bat. Ibilbideak egiterakoan, argibideak ere jaso daitezke, bisita gidatuetan parte hartuz. Egunero izaten dira, zentroan bertan hasita, 11:30ean, eta ordu eta erdiko pasiera gidatuak dira. Naturalismoaren hastapenetarako ikastaroak egiteko beta ere badago, baita bestelako tailerretan parte hartzeko eskaintza zabala ere.

Askotariko ekitaldiak ere ez dira falta; besteak beste, ingurumen arloko adituen hitzaldiak, solasaldiak eta mintegiak. Jarduerez gain, aldi baterako erakusketak ere ikus daitezke, eta baita Salburuko urmaelak erakusketa iraunkorra ere.

Etxeko txikiak ere ez dira aspertuko Salburuko Atarian. Haurrentzat egokituta dagoen gela bat dago, eta, jokoez gain, tailer batzuk ere egin daitezke bertan. Umeentzako egitarau berezia dago gune horretan, hainbat ikuskizun eta jarduera barne. Gainera, eraikinean bertan ahateak ikusteko aukera ere badago, eta bertatik bi minutura dagoen urmaelean orein ugari egoten dira.

Ataria pandemia garaian

Koronabirusa dela eta, hainbat segurtasun neurri ezarri dira atarian. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eta noranzko bakarreko ibilbidea egin beharko dute bisitariek. Horrez gain, zentroan eta behatokian edukiera murriztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.