PROPOSAMENAK

Natura eta kultura, bat

Pagoetako Parke Naturalak ondare naturalaz eta kulturalaz gozatzeko aukera ematen du. Agorregiko burdinola XVIII. mendekoa da

Agorregiko burdinola eta errota XVIII. mendekoak dira. GORKA ZABALETA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Pagoetako Parke Naturala Gipuzkoaren birika nagusietako bat da, eta ederki uztartzen ditu natura eta ondare kulturala. Parke naturalaren eremu nagusia Aian dago, baina Zarautz eta Zestoako lurrak ere hartzen ditu 2.860 hektareako eremuak. Mendizaletasuna asetzeko, atseden hartzeko, naturaz gozatzeko eta Euskal Herriko ondare kulturala ezagutzeko leku bikaina da Pagoeta, eta Gipuzkoa barrenetik ezagutu nahi duenak bisita ezinbestekoa du.

Pagoetan murgiltzeko lehen geltokia Iturraran parketxea da. XVIII. mendeko baserri horrek jatorrizko egurrezko egitura mantentzen du, eta bertan egiten zaie harrera bisitariei. Parkeko interpretazio gunea ere bertan dago: ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutzeko leku paregabea. Irailean egunero irekitzen dute, astelehenetan izan ezik. Asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era dago zabalik; larunbat, igande, jaiegun eta zubietan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Sarrerak euro bat balio du helduentzat, eta euro erdi haurrentzat. Baserriari buruzko bisita gidatuak ere egiten dituzte, euro bat gehiagogatik.

XVIII. mendeko burdinola

Parketxearen ondoan, 25 hektareako lorategi botanikoa dago, bertako zuhaitzekin eta mundu osoko landarediarekin. Erraz bisitatu daiteke, lorategi osoa konektatzen duen 3,5 kilometroko bide sare bat baitago. Egunero dago zabalik, 09:00etatik 19:00etara.

Agorregiko burdinola eta errotak dira Pagoetako ondare kulturalaren gune nagusiak. Izan ere, XVIII. mendeko burdinolaren eta erroten berezitasuna ura aprobetxatzeko daukan sistema berezia da. Irailean, larunbat, igande eta jaiegunetan dago irekita, 11:00etatik 13:00etara. Bisita gidatuak 11:30ean dira, eta burdinola eta errotak martxan jartzen dituzte.

Helburu didaktikoa duen erletegi bat ere badago Pagoetan, eta udako asteburuetan bisitatu daiteke, 13:00etan. Gainera, galtzeko arriskuan dauden zenbait animalia espeziek ere Pagoeta dute bizitoki: betizuek, pottokek eta oreinek, besteak beste.

Mendizaleek ere badute parke naturalaz gozatzeko aukera. Izan ere, hamazazpi kilometroko ibilaldia egin daiteke parkeko lurretan, baita Zarauzko Urdaneta auzoa eta Aia lotzen dituen 5,9 kilometroko bidea ere. Hiru hilabetean behin, mendi ibilaldi gidatuak ere antolatzen dituzte.

Parkea bisitatzen dutenek ere atseden hartzeko hainbat gune dituzte, parrilaz eta iturriz horniturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.