PROPOSAMENAK

Burdinaren herria

Legazpiko Mirandaolan, burdinak Euskal Herrian izan duen garrantzia ikus eta ikas daiteke. XVI. mendeko burdinola bat martxan jartzen dute

Mirandaolako burdinola. GORKA GOMEZ.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
XVI. mendera bidaiatzeko aukera ematen du Legazpik (Gipuzkoa). Izan ere, Urola ibaiaren ertzean dago Mirandaola: duela bost mendeko burdinola. Gipuzkoako ondare garrantzitsuenetakoa da, eta hara joaten den edonork XVI. mendean dagoela sentituko du: orduko jantziekin, olagizonek makineria martxan jartzen dute, urak hauspo erraldoiak mugitzen ditu, eta mailuak gori-gori dagoen burdina mugitzen du. Ondoren, Mirandaolako kapera bisitatzeko aukera dago.

Ikuskizun hori gozatzeko aukera aldez aurretik erreserbatuta izango dute bisitariek, Lenbur fundaziora deituz edo Mirandaolako turismo bulegoan izena emanez. Hala ere, burdinola martxan ez dagoenean ere bisitatu daiteke, eta ikus-entzunezkoen bidez jasotzen ditu azalpenak bisitariak.

XVI. mendeko burdinola martxan ikusteaz gain, Euskal Burdinaren Museoa ezagutzeko aukera ere eskaintzen du Mirandaolak. Museo horretan, burdinak Euskal Herrian izan duen garrantzia azaltzen dute, eta antzinako lanbideak ezagutzeko aukera ere ematen du: olagizonak, meatzariak eta ikazkinak, hain zuzen. Egunero irekitzen dute, 10:00etatik 14:00etara, baina erreserbatzea komeni da, Lenbur fundaziora deituz.

Legazpin, askoz gehiago

Burdinola eta Euskal Burdinaren Museoa ikusi eta gero, atseden hartzeko, esku pilotan jokatzeko edota otordu on bat egiteko aukera ere ematen du Mirandaolako parkeak.

Mirandaola bisitatzea ezinbestekoa da burdinak historian Euskal Herrian izan duen garrantzia ulertzeko, baina Legazpik bisitarientzako beste hainbat proposamen ere baditu. Horietako bat Txillida Lantokia da. Industrializazioaren ondorioz, burdinolek lantegi handiei utzi zieten lekua, eta artea egiteko leku ere bihurtu ziren. Eduardo Txillidak Legazpiko fabrika handi batean egin zuen Haizearen orrazia, esaterako. Txillida Lantokian eskultorearen paper eta forja tailerrak erakusten dira. Bisitak aldez aurretik adosten dira, baina COVID-19agatik behin-behinean itxita dago.

Hainbat hamarkada atzera bidaiatzeko modua ere badago Legazpin, industriako langileen etxebizitza bat ikusteko aukera baitago, baita 1950eko hamarkadako eskolako gela bat ere.

Erraizabal Artzaintzaren ekomuseoan Idiazabal gaztaren prozesua erakusten dute; eta Igaralde baserrian, berriz, ogia egiten. Hala ere, osasun egoeraren ondorioz, behin-behinean eten egin dituzte bisitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.