PROPOSAMENAK

Aldarria duen koba

Mairuelegorretako leizean euskal jaia antolatzen dute 1963tik, euskara eta euskal kultura oinarri. Aurten, jaia ez antolatzea erabaki dute

Mairuelegorretako kobazuloa, Zigoitian. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Istorio garrantzitsua du Mairuelegorretako kobazuloak. Gorbeiaren magalean dago leizea, Zigoitian (Araba), eta hamabi kilometro baino gehiagoko luzera du. Hain zuzen, hara iristeko aukera dago Muruako meatzeetatik aurrera eginez, ordubete baino gutxiagoko ibilbidea eginda zuhaitz artean. Hainbat urtez espeleologo askoren eskola ere izan da leizea, bertan aritu baitira ikertzen. Areago, gaur egun ere badago espeleologia egiteko aukera, adituekin batera. Kobaren lehen erreferentziak 1900. urtekoak dira gutxi gorabehera, eta, ordutik, entzutetsuak izan dira hango gertaerak. Besteak beste, ezaguna da han irailean egin ohi den euskal jaia.

Koronabirusaren ondorioz, Zigoitia Euskaraz egitasmoak aurten ez du antolatuko haitzulorako ibilbiderik, eta euskal jaiaren ordez beste egitarau bat antolatu du, betiere herritarrek jaiaz gozatzeko «ahalegin handiena» eginda. Gaur ospatuko dute eguna.

Bizikleta martxa bat egingo dute lehendabizi. Txandakakoa izango da, eta 16:00etan hasiko da, Olanon (Araba). Amaitzean, Trakamatraka taldearekin musika emanaldia egongo da, Bengoalarran (Araba). Azkenik, Zigoitia Euskaraz 2020 filma estreinatuko dute, 21:00etan.

Euskal jaia, 1963tik

Manuel Iradier txangozale elkarteak jarri zituen jai horren lehen harriak, 1963an. Frankismoa bete-betean zegoela, bertako kide batzuek Amaia ezpata dantza leizean egiteko nahia zuten, eta asmo horri ekin zioten. Azkenean, esan eta egin. Urte hartako uztailean ospatu zuten lehen euskal jaia kobazuloan, eta ordutik ia urtero antolatu izan da. Halere, egon dira hutsuneak ere: 1967tik 1970era, esate baterako, frankistek jaialdia debekatu zuten. 1982an, berriz, Manuel Iradier elkarteak hura antolatzeari utzi zion, baina laster hartu zioten lekukoa.

Zigoiti inguruko herritar batzuk lanean hasi ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, jaia berreskuratzea helburu. Gaur egun, Zigoitia Euskaraz taldea da antolatzaile nagusia. Hain zuzen, larruekin eta ezpatekin egiten den ezpata dantza da oraindik ere jaialdiaren ardatz nagusia, baina bestelako jarduerak ere egiten dira: besteak beste, bertsolariek eta musikariek hartzen dute parte. Frankismo garaitik, beraz, euskal kultura eta euskara aldarri dituen gunea bilakatu da kobazuloa; adierazpenerako lekua. Hala azaltzen du kobazuloaren sarreran dagoen oroigarriak ere: «Izan zirelako gara; garelako izango dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.