Arabako ikazkinei so

Ikatza eta karea egiteko jarduna ohikoa zen Arabako Mendialdean, eta lanbide horiek ezagutzeko aukera dago Bernedoko ibilbide batean

Ibilbideko txondor bat, Bernedon. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Garai bateko lanbideak eta ingurune naturala uztartzen ditu Bernedoko karobien eta txondorren ibilbideak, Arabako Mendialdean. Izan ere, hainbat urte atzera, eremu horretan oso zabaldua egon zen ikatza eta karea egiteko jarduna. Lanbide hori galduta dago gaur egun inguru horretan, baina oraindik badago aukera aztarnak eta prozesuak ezagutzeko.

Bernedoko erdigunean hasten da txangoa, Santa Teresa ermitan, eta hortik Okongo Amaren baselizara doan bidea hartu behar da ibilbideari ekiteko. Sarrea kalean aurrera egin ahala, bidearen ezkerraldean eta herriaren gainaldean, XII. mendeko gaztelu baten arrastoak ere ikus daitezke, eta garai bateko harresiaren ate nagusienetariko bat ere bai. Hor dago Okonera doan bidea.

Kilometro baten ostean dago lehen geldiunea. Baseliza ez ezik, parke bat ere badago bertan, eta baita aparkaleku bat ere. Hala ere, ibilbideari ekiteko, parkearen ezkerraldean dagoen saihesbidea hartu behar da, San Tirso mendi gailurrera doan bideari jarraituz. Kilometro eta erdi inguruko ibilbide zirkularra da, leku berean hasi eta bukatzen dena. Lehen zatia aldapatsua da, baina gerizpean dago, eta abiapuntutik metro gutxira dago karobien eta txondorren ibilbidearen norabidea zehazten duen kartela.

Ibilbidean, lau karobi eta txondor bat ikus daitezke, eta aproposa da familia giroan egiteko ere. Informazio taulak ere badaude, eta, argibide horiei esker, lan horien nondik norakoak ezagutzeko aukera dago, irudiz osatuta. Bertan egindako ikatza Arabako Errioxara eramaten zuten batez ere, eta emakumezkoek egin ohi zuten bide hori, hala nola Kantabria mendilerroa zeharkatuta. Guardian saldu ohi zuten ikatza, eta ardoarekin eta olioarekin itzuli ohi ziren etxera.

San Tirsora bidea

Mendi gogoz dagoenak badu aukera gorantz egiteko ere; San Tirso gailurrerantz, hain justu. Hasieran hartutako bideari jarraitu behar zaio horretarako, eta ordu eta erdi inguruko ibilbidea da; ia gehiena itzalpean egin daiteke, eta ongi seinalatuta dago, kartelekin.

Zelai bat da gailurrera igotzen hasi aurreko azken geldiunea, eta hortik hartzen da tontorrerako bidea, mendiari izena ematen dion eta harkaitz baten pean dagoen San Tirso ermitaren albotik igaroz. Igoerako azken zatia malkartsua da; eskuak ere erabil behar dira, baina 1.333 metroko tontorretik Arabako Errioxako eta Arabako Mendialdeko paisaiez goza daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.