PROPOSAMENAK

Mendi arteko altxorra

Arte estilo ugaritako eraikinak gordetzen ditu Oñatiko erdigune historikoak. Euskal Herriko unibertsitaterik zaharrena ere han dago

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea XVI. mendekoa da. OGTA.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2021eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Eraikin zibil zein erlijiosoak. Gotikoak, errenazentistak edo barrokoak. Guztiek dute lekua Oñatin (Gipuzkoa). Herria inguratzen duten mendiek babesturik, arte estilo ugaritako obrek iraun dute bizirik. Gipuzkoako herririk zabalenenetakoan, interesgune ugari topa daitezke. Horien artean daude Arantzazuko Santutegia eta Arrikutzeko kobak, baina herriguneak ere badu bisitariari zer eskainia.

Guztien artean entzutetsuena 1548an inauguratutako Sancti Spiritus unibertsitatea da. Euskal Herriko lehena izan zen, eta hiru mendez, besteak beste, teologia, medikuntza eta zuzenbidea ikasketak eskaini zituen. Gaur, jada, ez dira ikasleak biltzen fatxada platereskoaren aurreko plazan. Halere, errenazimentuko Euskal Herriko lan aipagarrienetakoa da oraindik ere.

Kanpoaldea ikusgarria bada, zer esanik ez barnealdea. Ate sendoak zeharkatuta, bisitariaren begiek egurrezko sabai hornituarekin egingo dute topo. Sancti Spiritusek klaustroa ere badu; bertan, XVI. mendeko arkuek Jorge Oteizaren Lurra eta Ilargia eskultura babesten dute.

Unibertsitatearen parean, San Migel parrokia dago. Biak batera ezagutu daitezke turismo bulegoak asteburuetan eskaintzen dituen bisita gidatuetan. Ordu batean izaten dira, aldez aurretik erreserbatuta, eta sei euroko prezioa dute. COVIDa dela eta, bisita kopuruak murriztu eta soilik gazteleraz izango dituzte, eskaera berezirik ez bada. Parrokiak, herriak bezalaxe, arte estilo ugaritako obrak biltzen ditu: erretaula barrokoa, kapera errenazentista edota erreka gainean eraikitako klaustro gotikoa.

Unibertsitatea eta parrokia banantzen dituen bidea Foruen plazaraino iristen da. Herritarren topaleku nagusia da hori. Udaletxea bertan dago, taberna ugariz inguratuta. Kale bat zeharkatuta, Santa Marina plazara heltzen da. XII. mendekoa da, eta Madinabeitia, Antia eta Baruena jauregiek inguratzen dute.

Eraikinak ikusteaz gain, bada zer egina eta zer bisitatua Oñatin. Turismo bulegoaren egoitzan bertan, Erdi Aroko errota bat ezagutzeko aukera dago. Bestalde, Txokolateixa interpretazio guneak Oñatiren eta kakaoaren arteko lotura erakusten du.

Herrigunetik asko urrundu gabe, udarako plan freskagarriak gauzatzeko parada ere badago. Usako bainugune naturaleko uretan murgiltzea edo San Martin parkeko haritzen itzalpean jesartzea dira bisitariak dituen bi aukera. Oinez zein bizikletaz gerturatu daiteke bietara, eta parkearen alboan autokarabanentzako aparkaleku bat ere badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.