PROPOSAMENAK

Historian bidea egiten

Natura eta memoria historikoa uztartzen dituzte Auritz inguruko bunkerretatik igarotzen diren hiru mendi ibilbide ezin berdeagoek

Auritz inguruko bideetan dauden bunkerretako bat. ARITZ GOROSTIAGA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako memoria historikoan bidaiatu daiteke Auritz (Nafarroa) inguruko bunkerretatik igarotzen diren mendi ibilbideei esker. Mendia eta memoria historikoa uztartzen dituzte ibilbideek; hain zuzen, naturaz gozatzearekin batera, 1939tik aurrera eraiki zituzten bunkerrak ikus daitezke, eta Nafarroako historiaren zati bat esploratu eta ezagutu. Hiru ibilbidek osatzen dute bidea: Ibañetakoak, Lindus-Menditxurikoak eta Hiru Pagoenak. Ibilbide horietan Pirinioetako gotorleku sareko elementuak ikus daitezke; hala nola bunkerrak, lubakiak eta erortzear dauden etxolak.

Ibilbide bakoitzak bere berezitasunak ditu; esate baterako, Hiru Pagoen bideak hamahiru kilometro ditu, eta hiru ordu eta erdi inguruan egin daiteke. Haurrekin joateko biderik aproposena da, baita mendira joateko ohiturarik ez dutenentzat ere. Bidea oinezkoentzat eginda dago, baina bizikletan ibiltzeko bideak ere badaude. Ibilbideetan, besteak beste, zelai berdeak, pagoak, hesiak eta gotorlekuak ikus daitezke.

Sare zirkularrak

Lindus-Menditxuri bideak, berriz, hemeretzi kilometro ditu, eta bost ordu eta erdi inguru behar dira bidea egiteko. Biderik onena da hegaztiak behatzea gustuko dutenentzat, Lindus hegazti behatokia baitago han. Hegaztiak ikusteko garairik onena uda da, baina udazkenean ere ikus daitezke. Zailtasun handiagoko bidea denez, aproposagoa da mendira joateko ohitura dutenentzat. Pagoen bidea eta Menditxurikoa Auriztik abiatzen dira, eta ibilbide zirkularrak dira.

Ibañetako bidea Leporretara iritsi eta Ibañetara itzultzen da. Bide horrek dauka desnibelik handiena, 1.435 metrokoa; hortaz, zailagoa ere bada. Zortzi kilometro ditu, eta hiru ordu eta erditan egin daiteke. Ibilbidean barna, hainbat gauzaren artean, Erromesen pasalekua, monumentuak eta Hiru Ahoen babeslekua ikus daitezke.

Auritz herrian dagoen etxola batean, ibilbideen inguruko informazioa dago eskuragai. COVID-19aren ondorioz itxita egon da etxola, baina berriz ere ireki dute. Bunkerren ibilbideen inguruko informazioa jasotzeaz gain, historiaren berri ere jakin daiteke han dagoen erakusketa txiki bati esker. Nafarroako Turismo Bulegoak ez du bisita gidaturik antolatzen, baina, inguruko enpresetara joanez gero, bisita gidatuak egiteko aukera dago. Ibilbidean barrena QR kodeak daude, eta, horiei esker, historiaren inguruko informazioa eskuratu daiteke; hala nola bunkerrak zergatik eraiki zituzten, herritarrengan zer eragin zuen eta zenbat balio zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.