PROPOSAMENAK

Bergararen ondarea

Bergarak XVI. mendetik XVIII. mendera arteko Europako artea gordetzen du, eta ondare historiko hori kalez kale bisitatu daiteke

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Kostaldea eta Gasteiz lotzen dituen bidean, XVI. mendetik XVIII. mendera arteko Europako artearen erakusketa eskaintzen du Bergarako (Gipuzkoa) hirigune historikoak. Italiako arkitekturak, Europa erdialdekoak, Sevillako barrokoak eta euskal gotikoak apaintzen dute, besteak beste, Bergara. Herrira joaten diren bisitariek horietaz gozatzeko aukera izango dute.

Bergarako historia eta monumentu ikusgarrien multzoa ezagutzeko, bi ibilbide proposatzen dituzte bisita gidatuek, udaletxea dagoen plazatik abiatuta hiriaren alde zaharrean zehar kalez kale ibiliz. Herriko erdigune denez gero, udaletxea izango da lehenengo ibilbidearen abiapuntua, eta, handik hasita, Bergarako Errege Seminarioa, Ondartza dorrea, Iturriko Etxea, Moiua-Barrena jauregia, San Pedro parrokia eta Olaso dorrea zeharkatuko ditu lehenengo ibilbideak. Bigarrenak ere udaletxetik ekingo dio bisitari, baina beste bide bat egingo du. Izan ere, ibilbide hori egingo dutenek Erdi Aroko eta Errenazimentuko fatxadak, Trinitateko monasterioa, Aroztegi etxea, Errotalde jauregia, Ozaeta jauregia eta Gabiria dorrea bisitatuko dituzte, hurrenez hurren. Ibilbidean zehar, elementu esanguratsuenak argi eta garbi seinalatuta daude, eta informazio zehatza eskaintzen da.

Mendeetako joan-etorrien eraginez, eraikin horiek etengabe eraldatu dira; hala eta guztiz ere, ez dute galdu beren memoria historikoa. Horregatik, hain zuzen, eraikin horietako bakoitzak antzinako garaietara darama ikuslea.

60 minutuko bisita horretaz guztiaz gozatzeko eta Bergarako herriaren ondarea ezagutu ahal izateko, komeni da bisitarako ordua aldez aurretik eskatzea. Udan, uztailaren 1etik irailaren 15era bitarte, egunero egingo dituzte bisita gidatuak: 11:30ean eta 12:30ean. Urteko gainontzeko egunetan, berriz, larunbatetan eta egun berezietan soilik egingo dituzte, 11:00etan eta 12:30ean. Programatutako ordutegietatik kanpo bisitaren bat erreserbatu nahi izanez gero, lau eguneko aurrerapenarekin hartu beharko da ordua.

Pandemiaren eragina

Bisitetarako ordutegiak finkatuta badaude ere, edonor batu daiteke osatzen diren taldeetara. Ordua aldez aurretik edo bisitaren egunean bertan har daiteke. Baina bisita egunean erreserbatzekotan, kontuan hartu behar da osasun egoera dela medio 25 laguneko taldeak osatuko direla gehienez; beraz, gerta liteke bisita egiteko lekurik gabe geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.