PROPOSAMENAK

Auzo koloretsuari so

Hondarribia Gida aplikazioak hogei minutuko ibilaldi bat proposatzen du Hondarribiko Portu auzoan barna. Auzoaren historia azaltzen du

San Pedro kaleko etxe koloretsuak, Hondarribian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hondarribia Gida izeneko aplikazioak hainbat ibilaldi proposatzen ditu herria ezagutzeko, audioak entzun bitartean. Horietako bat da Portu auzoari buruzkoa, eta hogei minutu inguruan portuko historia ezagutzeko balio du: harresitutako Hondarribitik kanpo geratzen zen auzoa zen hura.

San Pedro kalean hasten da ibilbidea. Gaur egun herriko gunerik bizienetarikoa da, baina, garai batean, «arrantzaleen errebal bat, bazterreko eremu txiro bat» zen gune hori, audiogidaren arabera. Izan ere, arrantzaleak baldintza «oso gogorretan» bizi ziren han; harresiko ateak ireki aurretik abiatzen ziren itsasora.

Zeria jatetxean gelditu, eta gidak azaltzen du etxe horrek aurreko mendeetan errebalak zuen itxura irudikatzeko balio duela: jende asko, etxe txikiak eta material kaskarrez eginak.

San Pedro kalean barna jarraitzen du ibilbideak, arbola ilara bikoitzaren artetik. Hango etxeak koloretsuak dira, eta loreekin apainduak egon ohi dira maiz, hiribildukoen kontrara. Setio garaietan etsaiek harresitik kanpo kokagune sendorik izan ez zezaten, debekatuta zegoen etxeetan harlandua erabiltzea, gidaren arabera: «Etxeek arinak izan behar zuten, behar izanez gero behera botatzeko». Ibilbidea kale horretan amaitu eta pintxo batzuk jatea proposatzen du gidak.

Ibilaldiarekin segitzeko aukera ere ematen du, ordea: ezkerretara jo eta Santiago kalera iristen da, ziurrenik Hondarribiko lehen kalera. Magdalena elizan geldialdia egin, eta portuko lehen dendei buruz hitz egiten du audiogidak; eskailerak jaitsi eta ezkerrera geratzen diren bi dendez, hain zuzen: «Errebal honetan, dendak debekatuta egon ziren beti; merkataritza pribilegio bat zen, eta hiribilduaren esku zegoen». Harresitik kanpoko biztanleek hiribildura joan behar izaten zuten erosketak egitera. Hori aldatzearekin batera, auzoen inguruko ikuspegia ere aldatu zen; hala, Portu auzoa turismora zabaldu zen, eta bainulariak ugaritu ziren.

San Pedro kalera itzulita, etxarte estu batetik pasatuz, Arrantzaleen Kofradiaren egoitzara iristen da. «Lehen itsasgizonena zen, eta gaur egun, berriz, arrantzaleena;haien interesak defendatzen ditu». Gaur egun ere, arrantzaleak Hondarribiko ekonomiaren alderdi garrantzitsu bat baitira.

Kofradiaren arkuaren azpitik igaro eta Matxin Arzu kaletik pasatuta, herriko lehenbiziko etxera ailegatzen da: egun, Berrotaran burdindegia dago han.

Amaitzeko, audiogidak itsasoaren ondora darama bisitaria, goi mailako turismoa erakartzeko eraikitako Kai Zaharrera, hain zuzen; han bukatzen da ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.