PROPOSAMENAK

Natura ukitzeko bidea

Zortzi ibilaldi egin daitezke Bertizko oihanean. Horrez gain, Lorategi Historikoa egunero bisitatu daiteke; ehun urte baino gehiago ditu

Lau herritar Aizkolegi ibilbidean, Bertizen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Zuhaitz berdeak ikusi, hezetasuna usaindueta natura senti daiteke Bertiz jaurerriko natura parkean (Nafarroa). Bertiz inguruko oihanean hainbat aukera daude naturaz gozatzearekin batera ikasteko; hala nola zortzi ibilbide, naturaren interpretazio zentroa, jauregia eta Lorategi Historikoa. Bazkaltzeko mahaiak daude parkean, eta egunpasa egiteko aukera zabala. Ibilbide guztiak aparkalekutik ateratzen dira, Aizkolegi-Plazazelai bidea izan ezik.

Bide luzea egin nahi dutenek Aizkolegi bidea dute aukeran.22 kilometro ditu, eta sei eta zazpi ordu bitartean egin daiteke. Aparkalekutik Aizkolegiko kaskora iristen da; Bertizko lekurik altuena da. Kaskora iristeko bide motzagoa ere badago; Aizkolegi-Plazazelai bidea, hain zuzen. Joan-etorria bost kilometro dira, eta gutxi gorabehera ordu batean egiten da; Plazazelaiko atakan hasi eta han amaitzen da. Lastoaren bidea deitzen diote, lastoa zeramaten orgak pasatzen baitziren bide horretatik.

Irretarazuko ibilbideak 11 kilometro ditu, eta lau ordu inguruan egin daiteke. Aizkolegiko bidearekin elkartzen da. Bidean barna, usadiozko oihan erabileren arrastoak ikus daitezke; hala nola gaztainak gordetzeko eraikuntza txikiak. Plazazelai bidea luzeago da: 16 kilometro ditu, eta bost ordutan egiten da. Bizikletaz ere egin daitekeen bide bakarra da.

Bide motzagoak nahiago dituzten herritarrentzat hiru aukera daude: Suspiro, Iturburua eta Erreparatzea. Suspiro ibilbideak bederatzi kilometro ditu, eta hiru ordu inguruan egin daiteke. Iturburuak sei kilometro ditu, eta bi orduan egiten da. Horrez gain, Suspiro bidearekin konektatuta dago. Bidexkarik motzena Erreparatzea da; 1,5 kilometro ditu, eta ordu erdian egiten da. Bidasoa ibaiaren bazterrean barna, Erreparatzeako zubi eta jauregiraino iristen da.

Sekuoiak, zedroak, limoiondoak eta kameliak ikus daitezke Lorategi Historikoan. Ehun urte baino gehiago ditu, eta, ordainduz gero, hura bisitatzeko aukera dago. Horrekin batera, Zentzu ibilbidean naturarekin bat egingo du bisitariak, zentzumenen bidez. Ibilbideak 450 metro ditu, eta 40 minutuan egiten da. Ibilaldia egurraren usainarekin hasi eta haritzarenarekin amaitzen da.

Informazioa jasotzeko eta lorategirako sarrerak erosteko, harrera egiteko etxola dago. Horrez gain, lorategian barna bisita gidatuak antolatzen dituzte. Etxola 10:00etatik 20:00etara irekitzen dute udan. Hara joateko ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordua eskatzea. Beste bideetan bisita gidatuak egiteko, Bertiz inguruko enpresetara jo behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.