PROPOSAMENAK

Herri harresiduna

Erdi Aroko esentziari eusten dio Urizaharra herriak, eta bereziki ondo kontserbatzen da hirigunea inguratzen duen harresiaren hego ataria

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
unai etxenausia
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Arabako hegoaldean dagoen udalerri bat da Urizaharra, eta TrebiƱu (Araba) eta Errioxa (Espainia) artean dago. TrebiƱuko konderriko mendiak ditu iparraldean, eta Kantabria mendilerroak mugatzen du hegoaldean. Izen berbera duen herria udalerriaren erdialdean dago, Jugalez ibaiaren ezker bazterrean. Historialari batzuen arabera, herriaren historia VIII. mendean hasizen, lehen herritarrak iritsi zirenean. Hala ere, Erdi Aroko hiribildua, herriaren esentzia biltzen duena, XIII. mendean eraiki zuten. Erdi Aroak utzi zuena mantentzeagatik da berezia Urizaharra; bidaiarientzat erlaxatzeko eta gozatzeko herria da gaur egun.

Kanpoaldean, hirigune historikoa inguratzen duen harresiarekin egingo du topo bisitariak.Ondo kontserbatzen da, eta berriztatua dago. Harresiaren hego ataria herriaren ikurrik esanguratsuenetako bat bilakatu da. Alboetan bi dorre ditu, eta kontserbazio onagatik da ospetsua eremua. Harresia gurutzatzean, herrian barrenean galtzeko aukera izango du bisitariak.

Lehenik eta behin, Jasokundeko Andre Mariaren eliza ikus dezake bisitariak. Hain zuzen ere, estilo erromanikoan eraikitako eraikin interesgarria da, eta erretaula eder bat dauka, XVI. mendekoa.

Handik Foruen plazara joanda, XVII. mendean eraikitako Hijarko dukeen jauregia dago. Bertan, Anbarraren Interpretazio Zentroa dago. Izan ere, nabarmentzekoa da Urizaharran aztarnategi garrantzitsuak aurkitu zituztela, eta udalerriko anbarra bakarra bihurtu zela Lur planetan, bai antzinatasunagatik, bai fosilen kalitatearengatik.

Gero, herrian barrena segi dezake bisitariak. Hala ere, herriaren kanpoaldean, hirigune historikoa inguratzen duen Erronda pasealekuan, aire zabaleko museo etnografikoa ikusteko aukera dauka bertara joaten denak: nekazaritzako objektuen erakusketa duen espazio bat da, duela urte gutxi abian jarri zutena. Historian zehar Euskal Herrian nekazaritza lanetan erabili diren tresnak daude han.

Errota zaharberritua

Herrixkaren kanpoaldean, bestetik, bada antzinako errota bat ikusteko aukera ere, zaharberritua dagoena. Eraikina 1778an eraiki zuten, eta orain dela 130 urte eraberritu zen lehen aldiz. Orain, barrutik zaharberrituta ere badago, eta, egun, landetxea da. Errota eta okindegia daude lehen solairuan, eta errota martxan dago gaur egun ere. Etxe beraren aurretik doan iturburu bateko urak mugitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.